Bost egun baino ez dira geratzen apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeerako. Milaka lagunek parte hartuko duten hitzordu horren aurretik, hainbat dagoeneko botoa ematen hasia da, posta bidez noski. Modu honetan bozkatzeko azken egunak dira honako hauek. Gogoan izan, berez, hilaren 17ra arte, asteazkenera arteko epealdia finkatua zegoen modalitate honetan botoa emateko. Gerora, beste egun bat, hilaren 18ra arte, ostegunera arte luzatu zuten tarte hau.
Posta bidezko botoa eskatzeko tartea apirilaren 11n itxi zuten. Egun horren aurretik, eskabidea egoki eta epe barruan egin zutenek, beharrezko dokumentazioa jasotzen duten momentutik Gasteizko ganbera berrituko duten hauteskundeetan parte hartu ahalko dute, ostegunera arte.
Eskatzaileak berak aurkeztu beharko du botoa eta beharrezko dokumentazioa. Norberak ezin badu joan, beste pertsona bati baimendu ahalko dio tramite hau egitea. Horretarako, bere ordezkariak baimena, bere akreditazio dokumentu ofiziala eta ordezkatzen ari denarena aurkeztu beharko ditu. Baimen eredua Correosen eskuratu ahalko da. Informazio gehiago hain zuzen, correos.es atarian jaso dezakezue.
Kontuan hartzeko azken ohar bat; posta bidez bozkatzea eskatzen dutenek, ezingo dute apirilaren 21ean hauteskunde mahaietan botoa eman.