Bazkidetza sustatuko duen Sortalderen informazio postua asteburuan

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 20a, 11:03

Kooperatiba gisa eratua den Usurbilgo energia berriztagarrien komunitateko bazkidetza egin nahiz egitasmo honi buruzko informazioa jasotzeko postua jarriko dute asteburu honetan Sutegi atarian.

Sortalde Usurbilgo energia berriztagarrien komunitatea koop S. bazkidetza egiteko aukera eskaintzen ari da sortalde.eus atarian. Berriki, gogoan izan, apirilaren 11n eginiko osoko bilkuran, Udalak Sortalderen bazkide laguntzaile izatea onartu zuen. "Kooperatibaren partaide izan zaitezke, bazkide kontsumitzaile gisara edota laguntzaile moduan", berri eman dute. Baina horrez gain, postua ere jartzen ari da asteburuotan Sutegi atarian. Hilabete honetako larunbat eta igandeetan, 12:00-14:00 artean aurkituko dituzue kooperatibako kideak egitasmoari buruzko informazioa helarazten, nahiz bazkidetza egiteko aukera eskaintzen.

Gogorarazten dutenez, "Irabazi Asmorik gabeko Kooperatiba integral honen bitartez, Usurbil mailan energia transizioaren erronkari aurre egiteko gure alea erein nahi dugu. Gure asmoa ekimen hau herritar, elkarte, enpresa zein entitateei zabaltzea delarik, ahalik eta parte hartzea zabalena izan dezan". 

Printzipioak
Bost dira Sortalderen eskuorrian nabarmentzen dituzten printzipioak. Batetik, "energia arloan bidea elkarrekin egin nahi dugu", zehaztu dutenez, "gure energia kontsumoaz hausnartu eta pobrezia energetikoari aurre egin". Bigarrenik, autokontsumo partekatua sustatu nahi dute. Abiapuntu gisa, eguzki instalazio fotovoltaiko partekatuaren aukera lehenetsi dute, Zubietako frontoiko teilatuan kokatuko dutena. Hirugarrenik, herritarrok energiarekin dugun hartuemana aldatzea eragin nahi dute. Lanketa horretarako hainbat ekimen bideratzea aurreikusi dute. Mugikortasuna, kontsumoen azterketa, energia menpekotasuna, energia berriztagarriak... landu asmo dituzten gaien artean daude.

Laugarrenik, irabazi asmorik gabekoa eta tokikoa den kooperatiba bera sustatu nahi dute, "energia trantsizioa bultzatzeko". Azkenik, herritarrak gaiotan ahaldundu eta eragileen arteko lanbidetza bultzatu nahi dute.

Egitasmoak
Egun, eskuartean bi proiektu dituzte; batetik, Zubietako frontoiko teilatuan bultzatuko duten 114,45 kWp-ko lehenengo autokontsumo instalazio kolektiboa. Instalakuntza horri esker, frontoi estali honen bueltan, bi kilometroko eremuaren baitan geratzen diren eraikinek baliatu ahalko dute Zubietako gune zehatz honetan sortuko den energia. Zonalde horretan sartzen da Zubieta osorik noski, baita Txikierdi, Kalezar, Kaxkoa eta Santueneako zati bat. 

Horrez gain, aholkularitza zerbitzua eskaintzea dute beste helburu nagusietako bat. Hala, fakturazioari edota energia eraginkortasunari buruzko argibideak eskaini edota energia ohituretan eragin nahi dute, baita energia sistemen berritzean, pobrezia energetikoaren gaian edota autokontsumoan, aipatu aholkularitza zerbitzu honen bidez. Gai horietan guztietan egon daitezkeen gabeziei aurre egiteko formakuntza ere sustatu nahi dute. Informazio gehiago, sortalde.eus atarian jaso dezakezue.