#E9

Europako hauteskundeak deitu dituzte ofizialki

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 16a, 09:00

Ekainaren 9an izango dira hauteskundeok. Dagoeneko posta bidezko botoa eskatzeko epea zabalik da. 

Oraindik orain, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarreko hauteskunde eguna igaro aurretik, ofizialki deitu dute udaberri honetan bertan izango dugun hurrengo bozketa eguna. Izan ere, gogoan izan, ekainaren 9an, Europako parlamentua berritzeko hauteskundeak izango ditugu. Deialdia ofizialki gaur egin du Espainiako Gobernuak, apirilaren 16ko Estatuko Aldizkari Ofizialaren bidez.

Bost urtero
Europako Parlamentua berritzeko hauteskundeak azken aldiz, duela bost urte egin ziren, 2019ko maiatzaren 26an. Egun hartan, hiru hauteskunde batera egin ziren Usurbilen, lau Zubietan. Udal eta foru hauteskunde eguna izan zen, Europakoekin batera. Zubietan, gainera, Herri Batzarra berritzeko aukera izan zuten.

Datozenak, berez, Europako estatuek ekainaren 6tik 9ra, tarte horretan deitu ahalko dituzte hauteskundeak. Euskal Herri osoan, azken egon horretan, ekainaren 9an izango dira. Bost urtean behin deitzen diren hauteskundeok hamargarren aldiz egingo dira, baina Usurbilen eta Hego Euskal Herrian bederatzigarren aldiz, espainiar estatuak 1986an erabaki baitzuen Europar Batasunean sartzea.

720 ordezkariek osatzen dute Europako Parlamentua. Haietatik 61 ordezkari espainiar estatuari dagozkio. Hautagai-zerrenda bakarra, itxia eta bera aurkeztu ahalko du eragile bakoitzak estatu osorako, nahiz, zerrenda hauetako hautagaiek eskatu ahalko duten, haien hedapena estatu osokoa ez izatea, izen, sigla edo sinbolo eta hautagai ezberdinekin.


Prestaketak martxan
Honenbestez, udaberri honetako bigarren hauteskundeei begirako prestaketa lanak abian dira ofizialki. Dagoeneko posta bidezko botoa eska daiteke gaurtik maiatzaren 30era arte Correoseko bulegoan edo online correos.es atarian.kanpaina maiatzaren 24an hasi eta ekainaren 7an amaituko da. Hauteskunde egun horri begira, bestalde, dagoeneko prestaketak abiarazi dira.  Badira kontuan hartu beharreko deialdi gehiago ere:
-Apirilak 16-maiatzak 30: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera.
-Apirilak 22-29: hautesleen errolda ikusgai eta alegazioak aurkezteko epea udalean.
-Maiatzak 8: hauteskundeetara aurkezturiko hautagai-zerrendak argitaratuko ditu Estatuko Aldizkari Ofizialak.
-Maiatzak 11-15: mahaikideak hautatzeko zozketak udaletxeetan (maiatzaren 18ra arte jakinarazpenak heltzeko tartea).
-Maiatzak 13: hauteskundeetara aurkezturiko hautagai-zerrenden aldarrikapena Estatuko Aldizkari Ofizialean.
-Maiatzak 20-ekainak 2: posta bidez botoa ematea eskatu dutenek beharrezko dokumentazioa jasoko dute.
-Maiatzak 24-ekainak 7: hauteskunde kanpaina.
-Ekainaren 5era arte: posta bidez botoa emateko aukera.
-Ekainak 8: hausnarketa eguna.
-Ekainak 9: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.

Informazio gehiago, jada martxan dagoen https://info.eleccioneseuropeas2024.es/eu/ atarian jaso dezakezue.