#A21

Bakartxo Tejeria, EAJ: “Gizarte ekimena funtsezkoa da herri honetako adinekoen zaintzan"

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 16a, 17:02

Bakartxo Tejeria Gipuzkoako EAJren zerrendaburua Egurtzegi egoitzan izan da gaur goizean, Kalezarren. "EAJren bermea, egindako ibilbideak eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko ditugun proposamen zehatzak dira”, adierazi du. Xabier Otxoa eta Ivan Iriondo udal zinegotziek ere hartu dute parte ekitaldian.

Bakartxo Tejeria Gipuzkoako EAJko zerrendaburuak "Eusko Alderdi Jeltzalearen proiektu fidagarria" aldarrikatu du, eta  datorren igandean "egungo ongizate-eredua indartu edo zalantzazko eta ezegonkortasunezko agertokien artean" aukeratu beharko dela esan du. "Euskadik kohesio eta oreka sozial handia du, hainbat hamarkadetan Eusko Alderdi Jeltzaleak bultzatu duen ongizate inklusiboaren ereduari esker", esan du gaurko ekitaldian. Gizartearen eta belaunaldien arteko kohesioaren ikuspegitik, aurre egin beharreko erronka berriak izan ditu hizpide baina arreta adinekoen zainketa nabarmendu nahi izan du.

 

"Gure eredua publikoa eta komunitarioa da"

Eusko Legebiltzarreko presidentegaiak azpimarratu duenez, "zainketa guztion ondarea da; eta baita eskubide eta erantzukizun kolektibo bat ere", azpimarratu duenez. "Horregatik, EAJtik, gure adinekoen duintasuna eta autonomia eragiten dituen zaintza eredu bat bultzatu dugu eta bultzatzen jarraituko dugu. Guztiok, gizon eta emakumeok, zainketen ardura hartu eta erantzunkide izan behar dugu; sektoreko enpleguaren kalitatea sustatuz, zaintza-lanak aitortua eta duintasunez ordaindua izan behar duelako".

EAJren zaintza-eredua "eredu publiko eta komunitarioa" dela esan du, "gobernantza kolaboratiboan oinarritua. Lidergo publikotik gizarte-ekimenarekin elkarlanean aritzen den eredua. Eta eredu horretan ez dago inor soberan", gaineratu du.

 

Bakartxo Tejeria, EAJ:

"Guk funtzionatzen duen eredu identifikagarri bat eskaintzen dugu"

 

Bakartxo Tejeriaren iritziz, EAJk sustatutako elkarlanerako zainketa-eredu horren adierazle garbia Gipuzkoa da, non egoitzetako plaza publikoen %82 hirugarren sektoreko erakundeek kudeatzen dituzten. "Hori da gure eredua", adierazi du. "Eta norbaitek uste badu hirugarren sektorea soberan dagoela zaintzan, esan dezala eta ereduak kontrastatu ditzagun", nabarmendu du. "EAJk argi du: hirugarren sektorea, gizarte ekimena, funtsezkoa da herri honetako adinekoen zaintzan", adierazi du gaur eskaini duen hitzaldian. "Hor datza batzuen eta besteen arteko aldea: guk funtzionatzen duen eredu identifikagarri bat eskaintzen dugu; beste batzuek berea ezkutatu nahi dute", amaitu du, EAJren aldeko bozka eskatzearekin batera.

Kanpainako ekitaldia baliatuz, Bakartxo Tejeriak Matia Fundazioak kudeatzen dituen Egurtzegiko bizikidetza-unitateetako etxebizitzak bisitatu ditu. 

 

Bakartxo Tejeria Gipuzkoako EAJren zerrendaburuarekin batera, Eider Mendoza Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatua hurbildu dira Egurtzegira. Ekitaldi berean izan dira, besteak beste, Ivan Iriondo eta Xabier Otxoa udal zinegotzi jeltzaleak. Biak ala biak, Gipuzkoako EAJk Eusko Legebiltzarrerako osatu duen zerrendan ere ageri dira.

Irudiak: EAJ.