#A21

"Aldaketa orain da eta irabaztera goaz"

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 16a, 18:28

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina azkeneko aste erabakigarri betean da jada. Bost egun baino ez bozketa egunerako. Eragile politikoak herritarren atxikimendua biltzen ari dira egunotan herriz herri. EHBilduren kasuan, ostiralean egin zuten erdibidera heldu berri zen kanpainako ekitaldi nagusia. "Ilusioz eta gogotsu" agertu ziren Mikel Laboa plazara. 

"Orain da momentua, gure momentua eta aldaketaren garaia da. Aldaketa orain da eta irabaztera goaz", adierazi zuen Susi Sanz Huetek, EHBilduren GIpuzkoako hautagai-zerrendako ordezkari lasartearrak.  

Bere esanetan, "erronka piloa dugu, ilusio piloa dugu eta badakigu prozesu sakonak ez direla egun batetik bestera egiten, baina norabide egokian goaz". Datorren legealdirako, 420 konpromezu dituztela eskuartean iragarri zuen. "Horietako asko izan daitezke ongizate hitzarmenak, trantsizio energetikoaren estrategia edo hezkuntza eredua".

Herrietan bideratu duten gobernantza eredua goraipatu zuen Sanzek. "EHBildu indarrean dagoen herrietan EHBildu probatu duenak EHBildu errepikatu du eta horren adibide argia izan daiteke Usurbil. Baina oposizioan gauden herrietan ere gai izan gara herrigintzatik eta herritarrekin alternatibak plazaratzeko, gure komunitatea indartzeko eta herritarrengan ilusioa pizteko".

Arduraz jokatzeko deia
Azken urteotan koalizioak eginiko ibilbide oparoa nabarmendu zuen. "Azken urte hauetan erreferentzialtasuna eta sendotasuna eman diguten jarduera politiko instituzional oparo batetik gatoz. Instituzio ezberdinetan egin diren akordioetan EHBildu egon da. Gure udalerrietan esaten duguna egin egiten dugu, kudeaketa argia, aurrerakoia, herritarrekin egina, herriaren behar eta interesak lehenesten dituena, herritik eta herriarentzat. Joan den hauteskundeetan, gure indar munizipalista indartu egin zen, egiten dugun lanari esker baina baita ere jendeak gugan jarritako konfiantzari esker". 

Apirilaren 21eko "gaua magikoa izateko" arduraz jokatzeko deia egin zuen. "Herritarrez herritar, kafeak hartuz, hitz eginez lantokietan, gure ardura da botorik etxean ez geratzea". Berak EHBilduren hautagai-zerrendan parte hartzeko jasotako gonbitari baiezkoa eman ziola adierazi zuen, "subjektu zapalduok politika publikoetako lehen lerroan kokatu behar garela sinesten dugulako". Gazte mugimendu eta mugimendu feministako militante gisa, gaineratu zuenez, "gazte eta feministok lehen lerroa hartu behar dugulako".

Bi eredu
Horregatik, zioenez, "hauteskunde hauetan gazteok arduraz hartuko ditugu hauteskunde hauek". Izan ere, "gazteok behin eta berriz errepikatu izan dugu gaur egungo politika eredua zaharkitua dagoela eta ez gaituela ordezkatzen".

Sanzek azaldu zuen bi eredu daudela egun, "inertzietan erori eta haserrea eta etsipena sortzen dituena", eta EHBildurena, "herritarren arazoen aurrean konponbide zuzenak bilatuko dituena, freskotasuna, anbizioa eta ilusioa transmititzen dituena".

Egungo EAJ eta PSE alderdien arteko aliantza "agortuta dagoela" ziurtatu zuen, "ez direla gai gure herriarentzako bide argirik eskaintzeko" baina prest daudela "gu gobernutik kanpo uzteko", iazko hauteskundeen egin zuten bezala. Testuinguru honetan, "garaia da ikuspegi estrategikoa berreskuratzeko. Arazo zaharrek konponbide berriak behar dituzte". 


"Aldaketaren agenda martxan jartzeko unea da"
Ildo beretik mintzatu zen ekitaldi horretan, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa ere. "EAJ-k eta PSE-k ordezkatzen duten aliantza politika agortuta dago. Ez du herri proiekturik oinarrian eta ez dute egonkortasunik bermatzen. Bi alderdien interes partidistak blindatzeko akordioa baino ez da. Aldiz, EHBilduk aldaketarako agenda martxan jartzeko herri akordioak sustatu nahi ditu".

Izan ere, "izan Osakidetza, hezkuntza edo etxebizitzaren alorrean, ez dago anbiziorik, ez dago lidergotzarik, eta horregatik, inertziak alboratu eta aldaketaren agenda martxan jartzeko unea da. Aldaketa posible da eta aldaketa da orain, gure momentua da".

Horretarako, "denon artean bultza egin behar dugu". Solaberrietaren esanetan, EHBildutik, "bestelako politika publikoak gobernatzeko beste moduekin egitea posible dela erakustera gatoz. Horregatik, programa argirik gabe, ortzimuga argirik gabe, bestearen bazterketa, esklusioa bilatzen duten aliantzek ez dute zentzurik. Aurrez ditugun erronka eta arazo konplexuek minimoen gaineko akordioak eskatzen dituzte", beharrezkotzat jotzen duen "errejenerazio politikorako" akordioak.

"Honek ez du atzera bueltarik"
Horregatik, zioenez, "gu ez gatoz inor ordezkatzera, programa bat betetzera gatoz, bai nazio mailan, zein maila sozialean, eraldatzailea den programa besteekin kolaborazioan". 

Igande honetan, apirilaren 21eko bozketa egunean, "jokoan dagoena izugarria da" Usurbilgo alkatearen esanetan; "agortutako ereduarekin jarraitu edo aldaketa. Aldaketa hizki larriz idatzitakoa". 

Bere esanetan, iazko hauteskundeetan eskuraturiko 366.000 boto eta 1.400 zinegotziekin, berretsi zen "EHBilduren igoera sendoa, sakonekoa eta homogeneoa zela, ez dela koiunturala izan. EHBilduk ordezkatzen dituen ideia, balio eta alternatibek geroz eta sektore zabalagoekin konektatzen dutela, Euskal Herriko lurralde guztiak harilkatzen dituela gure proiektu nazionalak eta honek ez du atzera bueltarik". Horregatik, "duela urtebeteko ilusio berarekin begiratzen diogu oraingo erronka honi ere. Ez dut dudarik Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde hauetan berretsi egingo dela euskal gizartearen eta euskal gizarteak aldaketarako duen gogoa, nahia eta beharra".

Honenbestez, zioenez, "sinistu behar dugu gure unea dela, gure unea iritsi dela, lehen aldiz ezker independentistak hauteskundeak irabazteko baldintzak badaudela", gogorarazi zuenez, "lan eta borroka eskergaren ondorioz".

Horrekin batera, Peio Otxandianoren hautagaitza goraipatu zuen. "Hautagai ezinhobea dugu aldaketaren lemazain gisa. Etorkizuneko proiektu sendo bat gorpuzten du, garaiko erronkei heltzeko elkarguneak azpimarratzen, herri proiektu baten mesedetan".