41. Sagardo Eguna

Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak: "Azken urtea izango da"

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 17a, 11:27

Sagardo Eguneko antolakuntza taldeak 2024an azken aldiz antolatuko du usurbildarren festa kuttunena. Hala jakinarazi du NOAUA!ra helarazi duten adierazpenaren bidez. Maiatzaren 19an ospatuko den 41. edizioaren ostean, hamarkada batetik gora egin duten auzolanari amaiera ematea erabaki dute. 2025eko Sagardo Egunari begira, talderen bat animatuko balitz, errelebo lanak bideratzeko prest daudela jakinarazi dute.

Hamarkada batetik gora egindako auzolan itzelari amaiera ematea erabaki dute egungo Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek. Aurtengoa, maiatzaren 19an ospatuko den 41. edizioa izango da azken aldiz antolatuko dutena. "Antolakuntzako partaide oro 10 urtetik gora goaz taldean sartuta eta prest ginen beste pare bat urtez ondorengoei erakutsi eta elkarlanean jarduteko, baina jende falta edo gogo falta ikusita, antolakuntza honek AURTENGOA AZKEN URTEA IZANGO DELA erabaki du aho batez", jakinarazi dute Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak bilguneko kideek, NOAUA!ra helarazi duten adierazpenaren bidez.

Gogorarazi duten moduan, badira hainbat urte laguntzarako deia egiten hasi zirenetik, ez soilik Sagardo Egunean boluntario gisa jarduteko, baizik eta aurreko hilabeteetako prestakuntza lanak bideratzeko baizik.  "Errelebo eske ere etorri ginen lehengo urtean, eta tamalez, ez dugu erantzun positiborik jaso", jakinarazi dute.

Honenbestez, maiatzaren 19ko Sagardo Egunaren ondotik, egungo antolatzaile taldeak eten egingo dute urteotako jarduna. Halere, jakinarazi dutenez, 2025. urteko ediziora begira, "gure aldetik pena haundiz, azken deialdi hau luzatzen dugu eta hausnarketa batera gonbidatzen dugu; talderen bat azalduz gero, erreleboa ongi egin eta laguntzeko prest egongo gara noski. Gogora dezagun Herri Lanik gabe, ez dagoela herriarentzako festarik".

Segidan duzue Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek plazaraturiko adierazpena bere osotasunean:



Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldekoen adierazpena
Kaixo lagunok:

Iritsi da Sagardo Eguna, XLI. Usurbilgo Sagardo Eguna.
Antolakuntza martxan da eta gauzak bere bidean doaz, maiatzaren 19an elkar ikusteko prest izango gara beraz. Idatzi honen bidez, antolakuntza osoaren izenean, berri txar eta tristea plazaratu nahi dugu ordea:

Urte batzuk igaro dira jada antolakuntzarako laguntza eske gabiltzanak, egunean bertan bolondres izateaz gain, festa haundi hau antolatzeko errelebo eske ere etorri ginen lehengo urtean, eta tamalez, ez dugu erantzun positiborik jaso.

Aurten ere saiakera egin dugu, taldetxoren bat edo beste konbentzitu nahian, baina ez da zorterik izan, eta gu geroz eta nekatuago gaude.

Antolakuntzako partaide oro 10 urtetik gora goaz taldean sartuta eta prest ginen beste pare bat urtez ondorengoei erakutsi eta elkarlanean jarduteko, baina jende falta edo gogo falta ikusita, antolakuntza honek AURTENGOA AZKEN URTEA IZANGO DELA erabaki du aho batez.

Gure aldetik pena haundiz, azken deialdi hau luzatzen dugu eta hausnarketa batera gonbidatzen dugu; talderen bat azalduz gero, erreleboa ongi egin eta laguntzeko prest egongo gara noski. Gogora dezagun Herri Lanik gabe, ez dagoela herriarentzako festarik.

Besterik gabe, LASTER ARTE USURBIL!

Usurbilen, 2024ko apirilaren 16ean

Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak EK