Martxoaren 19an geure artetik igaro zen 23. Korrika ahaztezinaren bueltan hainbat ekimen antolatu ziren Usurbilen. Horien artean, Udarregi ikastolaren LH 6. mailako ikasleek AEK laguntza xede izanik, azoka solidarioa prestatu zuten. Bost egunez, martxoaren 11tik 15era Agerialdeko patioan, etxean sukaldatutako gozogintzako produktuak edota patata tortilla goxo askoak saltzen aritu ziren. Heltzear zen Korrikaren petoak ere guztion eskura jarri zituzten.
Postu honetan bildutako laguntza, Udarregi ikastolak erosia zuen kilometroaren bidez, Etumeta AEK euskaltegiari helarazi diote. Une horren argazkia duzue albiste honi atxikitakoa; ikasleok jasotako laguntza euskaltegiko ordezkariei helarazitako momentua. Ikastolako LH 6. mailakoek jakinarazi dutenez, "ohar honen bidez herri guztiari eskerrak eman nahi dizkiogu, AEKren alde antolatu genuen azoka solidariora etorri eta laguntza emateagatik. Zuei esker lortu dugu helburua".