12. Dantza Eguna

"Dantzaroan" murgiltzear

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 17a, 09:31

5. Dantzari Txiki Eguna ospatuko da larunbatean, 12. Dantza Eguna hilaren 27an. Apirilaren 27ko hitzorduen artean, tranpaldo irekia antolatu du Orbeldik. Oraingoan, dantzaz gain, bestelako arte diziplinak jendartean partekatzeko aukera eskainiko du Orbeldik. Izen-emateko azken egunak dituzue.

Dantzaz giroturiko asteburuak ditugu ate joka. Izan ere, Orbeldikoen eskutik 5. Dantzari Txiki Eguna ospatuko dugu, kalejira, emanaldi eta erromeriarekin larunbat honetan bertan, apirilaren 20an. Hilaren 27an, bestalde, 12. Dantza Eguna iragarri dute, tranpaldo ireki, dantzarien kalejira, kantu bazkari edota "Borobilean" izeneko herri ikuskizunaren estreinaldiarekin.

Adi, tranpaldo irekiari dagokionean, parte hartzaileek izen-emateko azken egunak dituzte honako hauek. Laugarrenez, herriko dantza taldeak bere sormenerako gaitasuna herriarekin partekatu nahi dutenei oholtza eskaini nahi die; oraingoan, ordea, berrikuntza nabarmen batekin. Izan ere, aurreko edizioetan, dantzan oinarrituriko koreografiak eskaini zituztenek baino ezin zuten parte hartu ekimen honetan. Oraingo honetan, aldiz, "dantzatik haratago joan nahi du, eta kultur adierazpide guztientzako eszenatoki bilakatuko da. Dantzari, abeslari, musikari, antzezle... guztiontzat irekia dago Tranpaldoa! Bakarlari eta taldeentzat! Jakin oholtzak ez duela adin mugarik!", gogorarazi dute Orbelditik.


Orbeldi Dantza Taldekoen oharra

Kaixo artista!

Dakizuen bezala Dantza Eguna badator eta bueltan da Tranpaldo Irekia! 

Hasiera batean, Tranpaldo Irekia Usurbilen apirilero egiten den Dantza Egun berezian herritarrok parte hartzeko sortu zen. Hau aukera paregabea izan da herriko dantzariek beraien sorkuntzaren bidez koreografia paregabeak asmatu, plazaratu eta disfrutatzeko. Ikuskizun ederrak izan dira eta asko eskertzen dugu parte hartze zabala.

Hala ere aurtengo IV. edizio honek dantzatik haratago joan nahi du, eta kultur adierazpide guztientzako eszenatoki bilakatuko da. Dantzari, abeslari, musikari, antzezle... guztiontzat irekia dago Tranpaldoz! Bakarlari eta taldeentzat! Jakin oholtzak ez duela adin mugarik!

Apirilaren 27an izango da, Usurbilgo Olanoeneako plazan eguerdiko 12 terdietan. 

Izen ematea apirilaren 20an itxiko da.

Izen emateko behean duzuen galdetegi laburra bete, eta edozein zalantza argitzeko idatzi helbide elektroniko honetara!

Atera ezazue barruan duzuen artista sena eta animatu zaitez oholtzara!


Hemen galdetegia: https://docs.google.com/forms/d/1GWOLHRPJYHhTE1BBfr45F3m5a70qX7NNyMQVesDkVik/viewform?edit_requested=true



Orbeldiren deialdiak
Apirilaren 20 arte
12. Dantza Eguneko tranpaldo irekian izen-emateko aukera orbeldi.udt@gmail.com helbidean edo Orbeldiren sare sozialetan.

Apirilak 20, larunbata
5. Dantzari Txiki Eguna
11:30 Kalejiraren hasiera udaletxetik.
13:00 Emanaldia frontoian.
14:00 Dantzarien bazkaria. 
16:30 Elizagoien Ahizpekin erromeria.

Apirilak 27, larunbata
12. Dantza Eguna
12:30 Tranpaldo irekia Olanoeneako plazan.
14:00 Kantu bazkaria Askatasuna plazan. Txartelak Artzabalen salgai.
17:00 Dantza kalejira.
18:30 Bamboo Dance erakustaldia Olanoeneako plazan.
22:00 BOROBIL ikuskizuna.
Jarraian, Bide Batez erromeria.

Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.