#A21

Posta bidez bozkatzeko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 18a, 13:50

Igandeko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako posta bidez bozkatzea eskatua dutenek, ostegun hau dute modu horretan botoa emateko azken eguna. Gogoan izan, bestalde, ekainaren 9ko Europako hauteskundeetarako eska daitekeela dagoeneko modalitate honetan parte hartzea.

Hiru egun baino ez apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako. Ostegun hau, hilaren 18a dute, hitzordu honetan posta bidez botoa ematea eskatua zutenek, bozkatzeko Correoseko bulegoan.

Posta bidezko botoa eskatzeko tartea apirilaren 11n itxi zuten. Egun horren aurretik, eskabidea egoki eta epe barruan egin zutenek, beharrezko dokumentazioa jasotzen duten momentutik Gasteizko ganbera berrituko duten hauteskundeetan parte hartu ahalko dute, ostegunera arte.

Eskatzaileak berak aurkeztu beharko du botoa eta beharrezko dokumentazioa. Norberak ezin badu joan, beste pertsona bati baimendu ahalko dio tramite hau egitea. Horretarako, bere ordezkariak baimena, bere akreditazio dokumentu ofiziala eta ordezkatzen ari denarena aurkeztu beharko ditu. Baimen eredua Correosen eskuratu ahalko da. Informazio gehiago hain zuzen, correos.es atarian jaso dezakezue.

Kontuan hartzeko azken ohar bat; posta bidez bozkatzea eskatzen dutenek, ezingo dute apirilaren 21ean hauteskunde mahaietan botoa eman.

Europako hauteskundeetarako eskatzeko aukera
Udaberri honetan bi hauteskunde egun izango ditugu; lehenengoa, lerrootan aipaturikoa, igandean, apirilaren 21ean, Eusko Legebiltzarra berritzeko baliatuko direnak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ekainaren 9an, bestalde, Europako Parlamenturako hauteskundeak izango ditugu Euskal Herri osoan.

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako posta bidez bozkatzeko gaurkoa azken eguna den artean, zabalik da dagoeneko Europakoetarako modalitate honetan parte hartzeko boto eskaera egiteko epea.

Badira kontuan hartu beharreko deialdi gehiago ere:
-Apirilak 16-maiatzak 30: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera.
-Apirilak 22-29: hautesleen errolda ikusgai eta alegazioak aurkezteko epea udalean.
-Maiatzak 8: hauteskundeetara aurkezturiko hautagai-zerrendak argitaratuko ditu Estatuko Aldizkari Ofizialak.
-Maiatzak 11-15: mahaikideak hautatzeko zozketak udaletxeetan (maiatzaren 18ra arte jakinarazpenak heltzeko tartea).
-Maiatzak 13: hauteskundeetara aurkezturiko hautagai-zerrenden aldarrikapena Estatuko Aldizkari Ofizialean.
-Maiatzak 20-ekainak 2: posta bidez botoa ematea eskatu dutenek beharrezko dokumentazioa jasoko dute.
-Maiatzak 24-ekainak 7: hauteskunde kanpaina.
-Ekainaren 5era arte: posta bidez botoa emateko aukera.
-Ekainak 8: hausnarketa eguna.
-Ekainak 9: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.

Informazio gehiago, jada martxan dagoen https://info.eleccioneseuropeas2024.es/eu/ atarian jaso dezakezue.