Udajolasen izen-emateko epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 19a, 08:47

Ostiral honetatik, apirilaren 19tik 29ra bideratu ahalko da izen-ematea online.

Heldu da NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak uztailerako antolaturiko udaleku irekietan izen-emateko epea. Gaurtik, apirilaren 19tik aurrera eman ahalko da izena Udajolasen, hilaren 29ra bitarte. Aurreko urteen antzera, online bideratu beharko da inskripzioa noaua.eus/bereziak/udajolas-2024 atarian. Ohi bezala, bi kuota mota finkatu ditu NOAUA! K.E.-k; bat orokorra (105 euro), bestea familia ugariei zuzendurikoa (90 euro). Horrekin batera, gogoan izan; errentaren araberako Usurbilgo Udalaren hobariak jaso daitezke, %50-90 artekoak.

Bi tramite egin beharko dira Udajolasen izen-emateko. Batetik, lehen aipaturiko estekan dagoen formularioa bete beharko da. Horrekin batera, ordainketa egin beharko da, bertan zehazturiko Laboral Kutxaren kontu korronte zenbakian. Haurraren izen-abizenak zehaztuak dituen ordainagiriarekin batera ekarri beharreko dokumentazioa ere zerrendatua duzue helbide horretan.

Udajolasi buruzko informazio gehiago atari honetan bertan aurkituko duzue, "Udajolas" atalean. Bestela, bideotatik ere argibide gehiago jasotzeko aukera izango duzue: elkartea@noaua.eus / 688 807 336. Guraso bilerarako eguna ere finkatu du antolakuntzak; ekainaren 18an izango da, arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan.

Uztailaren 3tik 30era
Uztailean, udako oporraldi betean izango diren gaztetxoek lagun artean bildu eta aisialdi tartea euskaraz bizitzea ahalbidetuko duen Udajolasen parte hartu ahalko dute aurten ere. Izan ere, NOAUA! Kultur Elkarteak uztailaren 3tik 30era antolatu du udalekuon eskaintza hau.

Ohi bezala, Usurbilgo jaiak uztailaren 2an amaitu eta biharamunean abiaraziko du kultur elkarte honek Udajolas. Astelehenetik ostiralera, goizez eskainiko da eta lau orduko iraupena izango du. 9:30-13:30 artean parte hartu ahalko dute haur eta gaztetxoek eguneroko dinamiketan. Ostegunetan, aldiz, txangoak egingo dira. Egun horietan 16:30etan amaituko da eguneko jarduna.

Udajolas, 4-12 urte artekoei (HH3-LH6 artekoei) zuzendua egongo da. 


Hezitzaile eta zuzendarien lan-poltsa deialdia
Udaleku irekiotan hezitzaile nahiz zuzendari gisa aritu nahi dutenen lan-poltsa osatu asmo du NOAUA! Kultur Elkarteak.

Interesdunei begira, kontuan hartu beharreko zenbait ohar segidan. Batetik, begirale edo zuzendari titulua izatea lehenetsiko da, baita EGA izatea eta Usurbilgo herrikidea izatea ere. Lan-poltsa deialdian parte hartu nahi dutenek curriculumarekin batera sexu delituei lotutako ziurtagiri eguneratura bidali beharko da maiatzaren 10a baino lehen, bideotatik:
elkartea@noaua.eus
Bordaberri 3, behea, Usurbil 20.170