#A21

Hauteskunde egun honen hitzorduen eta emaitzen jarraipena

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 21a, 08:00

Eusko Legebiltzarra berritzeko hauteskunde eguna igande honetan. Lerrootan duzue, egunak ekarriko dizkigun deialdiei buruzko xehetasunen berri.

Hitza hartzeko eguna heldu da. Igande honetan, apirilaren 21ean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde eguna izango dugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita, honenbestez, Usurbilen ere. Goizeko 8:00etarako hasiko da mugimendua. Izan ere, mahaiak osatzeko lanei ekingo diete hauteslekuetan. Hortik aurrera, 9:00etan zabalduko dituzte botoa emateko eremuok. Arratsaldeko 20:00ak arte, norbera erroldatua dagoen zonaldearen arabera hautesleku batera edo bestera joan ahalko du botoa ematera. 

Tarte horretan, bitan emango dute, ohi bezala, hauteskunde egunari lotutako parte hartze datuen berri. Baina aurrekoetan baino ordubete beranduago emango dituzte. Ez da aldaketa bakarra izango. Eusko Jaurlaritzatik iragarri dutenez, datu hau ez da orain arte bezala "estimazio" bat izango, "benetakoa" baizik, "lehen aldiz, udalerrien, elkargoen eta mahaien araberakoa izango dira parte-hartzearen datuak".

Jarraipena
20:00etan hauteslekuak itxita hasiko da botoen zenbaketa. Handik gutxira, hasiko dira ezagutarazten behin-behineko lehen datuak, beranduenez 21:00etarako espero dira. NOAUA!n Usurbili buruz, egunean zehar argitaratuko diren datuei buruzko jarraipena egingo dugu atari honen bidez. 


Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Apirilak 21, igandea
9:00 Hauteslekuen irekiera.
14:00 13:00ak arteko parte hartze datuen berri.
19:00 18:00ak arteko parte hartze datuen berri.
20:00 Hauteslekuen itxiera eta botoen zenbaketaren hasiera.
21:00 Emaitzak: lehenengo datuen berri.
22:30 Emaitzak: botoen %100 zenbatuta.