Goizeko 9:00az geroztik zabalik da Eusko Legebiltzarra berritzeko igande honetarako, apirilaren 21erako deituak dauden hauteskundeotan parte hartzeko tartea. Arratsaldeko 20:00ak arte, noiznahi joan ahalko dira botoa ematera, deialdi honetan parte hartzeko eskubidea dutenek; besteak beste, postaz botoa eman dutenek izan ezik noski.
Mahai gehien, guztira hiru biltzen dituen Udarregi ikastolako erdiko aretoan 9:00etan bildutako lehen irudiak dituzue albiste honi atxikitakoak. Normaltasun osoz ekin diote boto bilketari. Izan ere, hauteslekua ireki orduko hasi dira hurbiltzen lehen herritarrak; tartean, igande goizeko ibilaldia egin edo egunpasa joan aurretik bozkatzera joandakoak edota goiztiar ibili ohi direnak igande partean. Tantaka-tantaka baina etengabeko mugimendua izan dute ikastolako erdiko aretoan.
14:00etan lehen parte hartze datua
Zabalik dira hautesleku guztiak; bai aipaturiko Udarregiko hiru mahaiak osatuak eta lanean diren moduan, Kalezarko Haur Eskolan, Aginagako eskolan, Santuenea auzo elkartean nahiz Zubietako Lanbide Eskolan kokaturiko hauteslekuak ere martxan (baita Donostia aldean bizi diren zubietarrentzako hauteslekua ere, eskola txikian egokitu dutena).
Igande eguzkitsua datorkigu, baina fresko antzean joango zaigu hauteskunde egun hau. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, "eki-osagaiko haizea ahul-bizi ibiliko da, ipar-ekialdekoa nagusituz, arratsaldean bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da". 12 bat gradu inguruko tenperatura izatea espero da gehienez.
Eguneko hurrengo deialdia, 14:00ak aldera. Izan ere, une horretan emango baitute ezagutzera, hauteskunde egun honetako lehen parte hartze datua, 13:00ak artekoa.