Botoen %100 zenbatuta, Eusko Legebiltzarreko gaurko hauteskundeen behin-betiko emaitzak ezagututa, goazen aurreko hauteskundeetan izandako zenbakiekin alderatzera. Udalbatza osatzen duten indar politikoek jasotako babesaren araberako hurrenkeran ez dago aldaketarik; EHBildu izan da azken urteotan bezala, boto gehien jasotako eragilea. Segidan, EAJ eta hirugarrenik, PSE.
Aldiz, bakoitza jasotzen ari den babesaren ehunekoari dagokionean bai, hor izan da aldaketarik. Izan ere, hiruretan babes handiagoa eskuratu duen bakarra EHBildu izan da. Gaurkoan, botoen %62,65 eskuratu ditu, Eusko Legebiltzarreko aurreko 2020ko uztaileko hauteskundeetan %58,72ko babesa jaso zuen. Ia lau puntu egin du, beraz, gorantz koalizioak.
Aldiz, EAJ-k eta PSE-k ehunekook murriztu dituzte. Jeltzaleen kasuan, %24,31tik %22,10era murriztu du usurbildarren aldetik jasotako babesa; %6,79tik %6,77ra txikiagotu du PSE-k.
Babes gutxiago jaso duten beste eragileen artean da, Elkarrekin Podemos-Alianza Verde, lau puntu murriztu du botoen ehunekoa; 2020an %5,94ko babesa jaso zuen Usurbilen, %1,68koa gaurkoan. Aldiz, %2,48koa eskuratu du estreinakoz, deialdi honetara aurkeztu den Sumarrek. Sumarrek kendu dio, duela lau urte Elkarrekin Podemosek zuen laugarren postua.