2024-25 ikasturtea

Haur eskolan matrikulatzeko epea zabaldu dute, ate irekien saioa egingo duten astelehen honetan

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 22a, 09:24

2024-25 ikasturterako 0-3 urte arteko hezkuntza eskaintzan matrikulatzeko epea zabalik du gaurtik haur eskolak. Ate irekien saioa deitu dute astelehen honetarako.

HH, LH, DBH zikloetan hurrengo ikasturterako aurrematrikulatzeko tartea izan zen urte hasieran. Asteotan, irailetik aurrera, batxilergo ikasketak egin nahi dituztenek zuten izen-emateko aukera.

Batxilergoari lotutako aurrematrikulazio kanpainaren ondotik eta maiatzean Lanbide Heziketakoen txanda iritsi aurretik, haur eskolen unea da orain. Usurbilgoan izen-emateko epea zabaldu dute gaur. Maiatzaren 3ra arte luzatuko da tarte hau. Tramitazio hau egiteko denbora tartea ireki duten astelehen honetarako, hilaren 22rako ate irekien saioa antolatu dute, arratsaldeko 17:30etan. Bilera bakarra egingo da. Haur eskolatik ohartarazi dutenez, "itzulpena behar duenari Telegram-en bidez emango zaio" horretarako aukera.

Matrikulazioari dagokionean, apirilaren 22tik maiatzaren 3ra, astelehenetik ostiralera eman ahalko da izena haur eskolan, goizez, 8:30-12:30 artean. Bertatik jakinarazi dutenez, "behin ikasturtea hasita, haur eskolak eskaintzen duen zerbitzuaren beharra izango duzuela aurreikusten baduzue, matrikulazio garaian gurekin harremanetan jartzea eskertuko genizueke, epez kanpoko izen-emateei ezin baitiegu plaza eta ordutegia bermatu". Hitzordua eskatu eta informazio gehiago jasotzeko bideoak dituzue: 
Ugarte, 9
943 374 061
haurreskolak@udarregi.eus

Datorren ikasturterako berrikuntzak
2024-25 ikasturtea aldaketekin ekingo diote haur eskolari. Izan ere, iragan astean egindako ezohiko osoko bilkuran, bi erabaki garrantzitsu hartu zituzten. Batetik, irailaren 1ean indarraldia amaituko zaion egungoaren antzera, hiru urteko epealdikoa izango den esleipena abiaraztea ontzat eman zuen udalbatzak. Berrikuntzak izango ditu, ordea, kontratu berriak. Izan ere, egungoa emakida kontratu bat da. Etorkizunekoa, zerbitzu kontratu bat izango da. Zerbitzu honen kudeaketak dakartzan arriskuak administrazioak, kasu honetan Udalak hartuko ditu bere gain, ez lizitatzaileak. Hiru urterako, 2,2 milioi eurora arteko bolumen ekonomikoa izan dezakeen kontratua da honakoa.

Bestalde, haur eskolako erabiltzaileen betebeharren eta eskubideen araudia onartu zuten osoko bilkura berean. Araudi horrek aldaketak dakartza. Batetik, haur eskolako plaza kopurua mugatzea erabaki dute. Gehienez, 92 haurrentzako lekua egongo da. Ratioak ere zehaztu ditu. Legeak ezarritakoaren azpitik izango direla jakinarazi du. Gela bat irekitzeko beharrezko gutxieneko haur kopurua ere zehaztu dute araudi honetan.

Izen-emate prozesuaren dagokionean, eskainitako plaza kopurua baino izen-emate gehiago balego, araudiak ere zehaztuak ditu irizpideak eta lehentasunak. Plazak erreserbatzeagatik ere kuota bat zehaztua dute. 

Haur eskolaren zerbitzuari dagokionean, ordubete murriztuko dute haur eskolako zerbitzua. Erabilera prezioei dagokienean, garai beteko kuota nabarmen jaitsiko da. Garai batean, 300 euro ordaindu behar izaten ziren. Datorren ikasturtean, doakotasunaren bidean, egun osoko erabilera egingo duten erabiltzaileek 60 euroko kuota ordaindu beharko dute, 40 eurokoa zerbitzu hau egun erdiz baliatu asmo dutenek.