Maiatzaren 12an

Itzulia Women-eko azken etapak Usurbil zeharkatuko du

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 23a, 14:01

Hirugarren urtez segidan, Itzulia Women emakumezko txirrindularien lasterketako azken etapak udalerri hau zeharkatuko du maiatzaren 12an.

Urte askoren ostean, apirila hasieran jokaturiko gizonezko txirrindularien Euskal Herriko Itzuliak ez zuen Usurbil zeharkatu lehenbiziko aldiz. Emakumezkoenak, ordea, bai; aurreko bi edizioetan bezala, udalerri honetatik igaroko da hirugarren aldiz, maiatzaren 12an. Hala jakinarazi dute antolatzaileek azken orduotan.

Azken kilometroak Usurbilen
2024ko "Itzulia Women" maiatzaren 10etik 12ra jokatuko da, datorren hileko bigarren asteburuan honenbestez. Hiru etapa izango ditu; lehenengoa, maiatzaren 10ekoa, Gasteizen hasi eta Elgoibarren amaituko da. Biharamunekoa, hilaren 11koa, Basaurin hasi eta amaituko da. Azkenekoan, maiatzaren 12koan, Donostiatik abiatuko dira txirrindulariak eta Gipuzkoako hiriburuan bertan amaituko dute etapa eta txapelketa bera. 

Azken saio honetako ibilbidean zehar, Usurbildik igaroko dira parte hartzaileak. Hala jakinarazi dute antolatzaileek, 2024ko Itzulia Women txapelketako ibilbidea aurkezteko asteazken goiz honetan Gasteizen egindako agerraldian.

"Etapa erabakigarria"
Guztira, 358,9 kilometroko ibilbidea osatuko dute emakumezko txirrindulariek. "Edizio hau menditsuagoa izango da, 9 mendate puntuagarri izango baititu: Lehen kategoriako bat, bigarren kategoriako bi eta hirugarren kategoriako sei", antolatzaileen esanetan.

Usurbildik igaroko den azken jardunaldiari dagokionean, aurreikusi dutenez "etapa erabakigarria izango da. Ibilbideak Donostiako Klasikoa simulatuko du; izan ere, Lezotik Jaizkibelera igoko da, eta, bukatzeko Murgileko hormatik gora egingo du Mendizorrotzeraino. Oriora eta ondorengo kilometroetan Donostiara jaistea metara iritsi eta sailkapen orokorrean garaipena eskuratzeko banakako erlojupekoa izango da".  

114,9 kilometro luze izango ditu goizeko 10:00ak pasatxoan hasi eta 13:20-13:40 artean amaituko den saio honek. Bidean zehar, hiru mendate igo beharko dituzte txirrindulariek. Donostiatik lehenbizi, Hernanirantz joko dute. Handik, Astigarragatik barrena Oiartzun aldera. Errenteria eta Lezo zeharkatuta Jaizkibel aldera igoko dira. Bidasoa ertzeko Hondarribia eta Irunetik Gipuzkoako hiriburura itzuliko dira gero. Ibaetatik Mendizorrotz aldera joko dute segidan. Handik Oriora jaitsi eta N634 errepidetik barrena, Aginagako Kaxkotik igaroko dira lehenik, gero Usurbil erdigune paretik. Txikierditik gora, Donostiara itzuliko dira eta bertan amaituko dute hirugarren eta azken etapa hau.

Informazio gehiago, itzulia-women.eus atarian jaso dezakezue.