Kultur arloko dirulaguntzen ebazpenak kaleratu ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 24a, 09:43

Oraindik, zenbait udal dirulaguntza lerroetara eskabideak aurkezteko epea zabalik duzue.

Kultur arloko dirulaguntzen ebazpenak kaleratu ditu Usurbilgo Udalak, asteazken honetako, apirilaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Bi ziren laguntza lerroak; bat, kultur egitasmoetarako; bestea, kultur sorkuntzara bideratua. Segidan dituzue xehetasunak.

Otsailaren 16an itxi zuen Usurbilgo Udalak dirulaguntza lerro gehienetara eskabideak aurkezteko epea. Baina oraindik orain, zenbait lerroetara eskabideak aurkezteko epeak irekita egoten segitzen du. Albiste honetan beherago dituzue azalpenak.

Kultur arloko 2024ko udal dirulaguntzen ebazpenak
Kultur-sorkuntzarako egitasmoak:
Eskatzaileak: sei.
Onartutako laguntza guztira: 14.998,90 euro.
Informazio gehiago: apirilaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.

Kultur egitasmoak garatzeko 2024ko udal dirulaguntzak:
Eskatzaileak: 26.
Onartutako laguntza guztira: 94.948,51 euro.
Informazio gehiago: apirilaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.


Eskabideak aurkezteko aukera duten udal dirulaguntzak

Ekintzaileentzako Kabiene Elkartean lankidetza-esparrua erabiltzeko Hasiz Hazi beka deialdia
Xedea: proiekturen bat duen Beterri-Buruntzako ekintzaileari Kabiene elkartearen elkarlan-gunean egonaldia diruz laguntzeko deialdia, norgehiagoka erregimenean.
Kopurua:
4.500 euro. Ekintzaile bakoitzeko gehienez 1.742,40 euro, "beti ere ekintzaileak 12 hilabetetako erabilera izaten badu Kabienen".
Balorazio irizpideak:
jardueraren eta enpresa kudeaketari lotutako prestakuntza teknikoa, esperientzia profesionala; proiektuaren koherentzia sustatzaileen profil eta merkatuarekiko; berrikuntza eta inpaktu soziala; Kabieneko eskaintza osatu eta aberasturiko proiektua izatea; proiektuaren sustatzaileak Usurbilen erroldatua eta emakumeak izatea; euskaraz lan egiteko gaitasuna; berdintasun gaietan prestakuntza...
Ordainketa:
%80a dirulaguntza deialdiko ebazpena kaleratutakoan, gainerakoa memoria eta faktura agiriak aurkezturikoan.
Epea:
irailak 30 (bi ebazpen kaleratuko dira; bat maiatzaren 31ra arte jasotako eskaerekin, bigarrena irailaren 30era arte aurkezturikoekin).


Hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat abiarazi nahi duten ekintzaileentzako dirulaguntzak
Xedea:
dirulaguntza deialdia, norgehiagoka erregimenean, Usurbilen hutsik dauden merkataritza lokaletan jarduera ekonomiko berri bat abiarazteko ekintzaileak laguntzeko.
Bi lerro ditu: bat hasierako gastuak laguntzeko eta, bigarrena, lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzen laguntzeko.
Kopurua:
27.800 euro (11.000 euro lehen gastuei aurre egiteko, 16.800 euro lehenengo bi urteko alokairu edo erosketa gastuetarako; 9.600 euro lehenengo urterako, 7.200 euro bigarren urterako). Proiektuko gehienez 10.300 euro lehen urtean eta 3.600 euro bigarrenean.
Balorazio irizpideak:
lehentasuna izango dute, egun, herritarrei eskaintzen ez zaizkien zerbitzuek, ixtera doazenek edo itxi berrien segida diren proiektuek.
Baldintzak:
besteak beste, lokalik jabetzan ez izatea; jarduera Usurbilen kokatzea; jardueraren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzen duen proiektua landua izatea; Foru Ogasuneko zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzari lotutakoetan egunean izatea, txikizkako merkataritza edo ostalaritza jarduerak izatea; pertsonei zuzenduriko zerbitzuak eskaintzen dituena, kale edo eremu jakin bat biziberritze lagunduko duena.
Balorazio irizpideak:
aurreikusitako inbertsioa, ekintzaileen prestakuntza eta esperientzia, enpresa txikia izatea, auzoetan oinarriko zerbitzuak eskaintzeko jarduera izatea, sortutako enplegua, euskararen presentzia, originaltasun eta berrikuntza maila, enpresa planaren kalitate teknikoa...
Epea:
irailak 30 (bi ebazpen kaleratuko dira; bat maiatzaren 31ra arte jasotako eskaerekin, bigarren irailaren 30era arte aurkezturikoekin).
Ordainketa:
%70era bitarte dirulaguntza ebaztean, gainerakoa azken justifikazioa aurkeztutakoan.

Norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol arloko dirulaguntzak
Xedea: "norgehiagokakoak ez diren kiroletako dirulaguntzak jaso ahal izateko Usurbilgo Udalaren dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea, beti ere aurretik udal dirulaguntzarik kontzeptu honengatik jaso ez badute". Kasu honetan, laguntzarako lau programa biltzen ditu deialdi honek: laguntza bereziak, taldeetako prestakuntza teknikoak, kirolarien oinarrizko osasun miaketak eta eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko dirulaguntzak.
Epea: azaroaren 13ra arte aurkeztu ahalko dira eskabideak (bi epealdi: bat apirilaren 30era arte, bigarrena azaroaren 13ra arte).
Kopurua: laguntza bereziak (5.400 euro), taldeetako prestakuntza teknikoak (1.000 euro), kiroletako oinarrizko osasun miaketak (5.000 euro), eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko dirulaguntzak (5.000 euro).
Balorazio irizpideak:
-Laguntza bereziak: kolektibo bereziei zuzendua egotea, herriari zerbitzu bat ematea, euskal kirola izatea, non egiten den, gastuen nolakotasuna, parte hartzaile kopurua, iraupena, kirol maila, jardueraren esparrua eta zabalkundea... 
-Taldeetako prestakuntza teknikoak: "Udalak ikastaroa egitea herriaren onerako dela irizten dionean, kirol hezkuntzako prestaketa egiteko ikastaroaren matrikula erdia (%50) ordaindu dio herriko elkarteari, horretarako dagoen partidaren zenbatekoa gainditzen ez den bitartean".
-Oinarrizko osasun miaketak: kirol jardueren osasun arriskuak gutxitzeko, "kirol elkarte guztiek oinarrizko osasun miaketarena kostuaren %100 jasoko ahalko dute, Federazioak lizentzia emateko eskatzen duen miaketaren ezaugarriak eta egindako osasun miaketarenak berdinak badira. Aipatutako kopurua gutxitu egin daitezke aurkeztutako eskaeraren arabera".
-Eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko dirulaguntzak: "Usurbilgo familien egoera ekonomikoaren arabera, Usurbilen eskola kirolean (6 urtetatik 16 urtetara) edo kirol elkarteetan izena ematen duten haurren kuoten gastuetan laguntzeko". Errenta mailaren arabera, %50-90 arteko laguntza jaso ahalko da.
Ordainketa: dirulaguntza ebaztean, %100a ordainduko da.  

Aurkezteko modua:
-Presentzialki udal erregistroan.
-Telematikoki usurbil.eus atarian.

Informazio gehiago, urtarrilaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.