2024-25 ikasturtea

Haur eskolako erabiltzaileen udal araudia jendaurrean, matrikulazio epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 24a, 09:59

2024-25 ikasturterako 0-3 urte arteko hezkuntza eskaintzan matrikulatzeko epea zabalik dago aste hasieratik. Berriki, udalbatzak bertako erabiltzaileen betebeharren eta eskubideen araudia onartu zuen. Jendaurrean izango da hilabetez.

Haur eskolak zabalik du aste hasieratik, 2024-25 ikasturterako matrikulazio epea maiatzaren 3ra arte. Astelehenetik ostiralera eman ahalko da izena haur eskolan, goizez, 8:30-12:30 artean. Bertatik jakinarazi dutenez, "behin ikasturtea hasita, haur eskolak eskaintzen duen zerbitzuaren beharra izango duzuela aurreikusten baduzue, matrikulazio garaian gurekin harremanetan jartzea eskertuko genizueke, epez kanpoko izen-emateei ezin baitiegu plaza eta ordutegia bermatu". Hitzordua eskatu eta informazio gehiago jasotzeko bideoak dituzue: 
Ugarte, 9
943 374 061
haurreskolak@udarregi.eus

Araudia
Epealdi hau irekitzear zutela, apirilaren 11n eginiko ezohiko osoko bilkuran haur eskolari lotutako bi erabaki hartu zituen udalbatzak. Batetik, haren zerbitzu kontratua hiru urtez esleitzeko prozedurari ekitea onartu zuen. Horrekin batera, haur eskolako erabiltzaileei dagozkien eskubide eta betebeharrak zehazten dituen arautegia onartzea erabaki zuen baita. Udalak hartutako erabakia, asteazken honetako, apirilaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak kaleratu du. Bihartik, hilaren 25etik aurrera, alegazioak aurkezteko jendaurrean izango da 30 egunez. Halakorik, tarte horretan erreklamaziorik ez balego, ordenantza hau behin betiko onartutzat joko dute.

Plaza kopurua
Araudi honen hainbat xehetasun eskaini zituen udal gobernu taldeak. Batetik, haur eskolako plaza kopurua mugatzea erabaki dute. Gehienez, 92 haurrentzako lekua egongo da. Hala, 12 haurrentzako lekua egongo da 0-1 etapan; 26 umeentzako 1-2 etapan; eta, azkenik, 54 haurrentzako lekua 2-3 etapan. Banaketa honek, alkate Agurtzane Solaberrietak azaldu zuenez, "Usurbilen egon daitekeen eskaerari erraz erantzuten dio". 

Ratioak ere zehaztu zituzten. Legeak ezarritakoaren azpitik izango direla jakinarazi zuten. 

Gela bat irekitzeko beharrezko gutxieneko haur kopurua ere zehaztu dute araudi honetan. Hiru haur beharko dira 0-1 adin tartean, eta bosna 1-2 eta 2-3 adin tarteetan. Halere, "adin taldeak nahasteko aukera" izango dela iragarri du udal gobernu taldeak eta araudian halaxe dago jasoa, itxaron zerrendan ahalik eta haur gutxien egoteko. 

Matrikulazioa
Izen-emate prozesuaren nondik norakoak ere zehazten ditu araudi berriak. Eskainitako plaza kopurua baino izen-emate gehiago balego, araudiak ere zehaztuak ditu irizpideak eta lehentasunak. Plazak erreserbatzeagatik ere kuota bat zehaztua dute. 

Ordutegiari dagokionean, ordubete murriztuko dute haur eskolako zerbitzua. Irailetik aurrera, 8:00-16:00 artean eskainiko da (orain arte, 7:30-16:30 artean eskaini izan da). Egin duten azterlanean, orain arteko erabilera ordutegia zein den aintzakotzat hartuta, "murrizketak kalte txikia" eragingo duela aurreikusten du udal gobernu taldeak. Gainera, Partzuergoko haur eskolek indarrean duten ordutegia da hauxe. Haur eskolak eragingo duen kostuaren kontentzio ariketa egin behar izan dutela nabarmendu zuen alkateak eta horren baitan murriztu behar izan dutela ordubetez zerbitzu hau.

Kuota murritzagoak eta hobariak
Erabilera prezioei dagokienean, garai beteko kuota nabarmen jaitsiko da. Garai batean, 300 euro ordaindu behar izaten ziren. Datorren ikasturtean, doakotasunaren bidean, egun osoko erabilera egingo duten erabiltzaileek 60 euroko kuota ordaindu beharko dute, 40 eurokoa zerbitzu hau egun erdiz baliatu asmo dutenek. Kopuruok apirila amaieran egingo den hilabete honi dagokion osoko ohiko bilkuran zehaztuko dituzte, hilaren 25ean egingo den saiora eramango dituzten ordenantza fiskalen bidez.

Ordenantza fiskalok aipatuta, alkateak gogorarazi duenez, familien errentaren arabera, haur eskolako hileroko kuota ordaintzeko %50-90 arteko hobariak eskuratzeko aukera izango dute.

Araudi honen testuinguruan, gainera, Udalaren eta lizitatzailearen artean, haur eskolako guraso eta langileekin koordinazio mahaia osatuko dute. Maiztasun jakin batekin bilduko da, interesekoak izan daitezkeen gaiak jorratzeko.