Hitzarmena, botiken tratamenduak jarraitzeko zailtasunak dituztenei laguntzeko

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 24a, 15:00

Hitzarmena sinatu dute asteazken honetan Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako botikarien elkargoak, botika bidezko tratamenduei eusteko zailtasunak dituztenei laguntzea xede izango duena.

Duela hamalau urtetik indarrean den lankidetza esparrua indartzeko apustua egin dute bi aldeek, Potxoenean egindako agerraldian azaldu duten moduan. Izan ere, hitzarmen honen helburua, orain arte herritarren artean eragindako onuraren estaldura handitzea da.

Hala adierazi dute sinatzaileek; Usurbilgo Udalaren izenean Agurtzane Solaberrietak eta Gipuzkoako botikarien elkargoarenean, haren lehendakari Miguel Angel Gastelurrutiak. Biek ala biek nabarmendu duten moduan, lankidetza honen helburu nagusia, botiken tratamenduak jarraitzeko zailtasunak dituzten herritarrak laguntzea da. Hobekiago esanda, laguntzen jarraitzea, ez baita egitasmo berria, baina indartu egingo dute aurrerantzean. Orain arte, modu pribatuan egin zitekeen erabileraz gain, gizarte zerbitzuek kudeaturiko etxez etxeko zerbitzuko erabiltzaileak ziren programa honen onuradunak. Aurrerantzean, ordea, haiez gain, lankidetza hitzarmenaren sinatzaileek azaldu duten moduan, "etxez etxeko zerbitzua jasotzen dutenez gain, prestazio ekonomiko baten bidez zaintzaren bat jasotzen ari diren herritarrak edo bestelako gizartez zerbituetako zerbitzu batzuk jasotzen ari diren herritarrak" izango dira onuradun berriak. 

Medikamentuen erabilera egokia
Programa hau doakoa da eta noski hautazkoa, borondatez parte hartzeko modukoa. Gizarte zerbitzuen bidez berri emango zaie egitasmo honen berri erabiltzaileei. Parte hartu nahi dutenen kasuan, gizarte zerbitzuen bidez abiatuko litzateke interesdunen atxikimendu prozedura. Gero, Usurbilgo farmazietan segiko lukete. Izan ere, Iturralde eta Amenabar farmaziak ere egitasmo honen sustatzaileak dira. Solaberrietak zioen moduan, "erabiltzaileek edo haien ordezko legalek, aukeratu beharko dute zer farmazietan parte hartu nahi duten programan eta gizarte zerbitzuetatik emango zaion oniritzi orri bat aurkeztu beharko du". Hortik aurrera, farmazien lana hasiko litzateke.

Pozarren agertu da lankidetza hitzarmen honen sinaketarekiko Gipuzkoako botikarien elkargoko lehendakaria. Garrantzitsutzat jo du egitasmo hau, botikak kudeatzeko zailtasunak dituzten pertsonen bizimodua hobetzen laguntzen duelako. "Gure helburua, medikamentuetarako sarbidea bermatzea da, baina baita pauso bat gehiago eman eta ondo erabiltzea, esperotako emaitza izatea, osasunean eragitea". Pozik agertu da, egitasmo honen onuradun izan daitezkeenen esparrua handituko delako. 

Ildo horretan, herriko farmaziek izango duten egitekoa nabarmendu du. "Zortea duzue egokitu zaizkizuen farmazeutikoekin". Haiek izango dira, tratamenduei segida emateko zailtasunak dituzten herrikideen bidelagunak, laguntza eskainiko dutenak. Programa honen onurak gizarteratzen laguntzeko prestasun osoa adierazi du Gipuzkoako botikarien elkargoko lehendakariak Potxoeneko agerraldian.