Salvadortarren “familia artean” kontzertua maiatzaren 3an

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 25a, 09:48

Olatz eta Iñaki Salvadorren “Familia artean” emanaldia antolatu dute Jexux Artze Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak maiatzaren 3an, 19:00etan Sutegin. Sarrerak 8 eurotan eskuratu ahalko dituzue usurbilkultura.eus plataforman edo Lizardin.

“Familia-topaketa berezia da, elkartzen dituen lotura dela eta, baina, gainera, eta hortik harago, belaunaldien arteko benetako hurbilketa interesgarria da arlo artistikoan eta musikalean. Funtsean austeritatetik eta hunkigarrian sinpletasunetik eta benetakotasunetik murgiltzea bilatzen duen lan baten aurrean gaude”.

Bertan, “Olatzen errepertorioa bizkarrezurra duen kontzertua taularatzen dute. Argi eta garbi intimista den formatu batean, indarra eta sendotasuna behar denean, elkarrekin aztertzen dute beren musika-unibertsoen arteko fusioa”.

Antolatzaileek iragarri duten moduan, "Olatz Salvadorrek urte batzuk daramatza Euskal Herriko eta munduko beste leku batzuetako agertokietan barrena, bere abestien egile eta interprete gisa. 2014an bakarkako ibilbideari ekin zion, duela bost urte bere lehen diskoa argitaratuz eta laster entzuleen babes beroa eta kritikaren oniritzia jasoz. Bere osaba Iñakik 42 urteko ibilbide profesionala eta artistikoa osatu du, piano-interprete, konpositore, moldatzaile eta irakasle gisa. Bere izenean argitaratutako 15 disko baino gehiagorekin, oso luzea da agertoki eta testuinguru musikal ezberdinetan gozatu ahal izan dituen kolaborazioen zerrenda, jazza izanik bereziki identifikatzen den soinu-unibertsoa".


Txalaparta Eguna udazkenean
Egun seinalatuan egingo da kontzertua, hain zuzen, Jexux Artze zendu zela 21 urte beteko direnean. Urte garai honetan antolatzen zituen bere garaian aipatu kultur elkarteak udaberri parteko ekitaldiak edota azken urteotako Txalaparta Eguna.

Maiatzean herrian bertan izaten den kultur eskaintza oparoa tarteko, nahiz txalapartaren bueltan asteotan Euskal Herrian antolatu izan diren hitzorduengatik, aurtengoan, Jexux Artze Kultur Elkarteak urrira atzeratu du 2024ko Txalaparta Eguna. Aurrerago eskainiko dituzte ziklo horri buruzko xehetasunak. Halere, maiatzaren 3ko egun seinalatua ez zuten oharkabean igarotzerik nahi. Jexux Artze zendu zeneko urtemuga egun honetan eta tradizionalki maiatzean antolatu izan dituzten ekimenen testuinguru horretan iragarri dute Udalarekin lankidetzan antolaturiko Olatz eta Iñaki Salvadorren kontzertua.