Liburuaren hilabetea

Liburuaren Hilabeteak segida izango du ekitaldi gehiagorekin

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 25a, 09:10

Beste hiru ekintza programatuak ditu Sutegi udal liburutegiak hurrengo asteotarako.

Urtean zehar, bizi asko izaten da Sutegi udal liburutegia. Apirilak ezin zuen salbuespena izan, Haur eta Gazte Liburuaren Eguna, eta orohar, liburuaren eguna egutegian gorriz seinalatuak egonda. Liburuaren Hilabetea izendatu dute amaitzear dugun hau Sutegi udal liburutegiak eta hainbat ekintza antolatu dituzte. Lehenik, irakur-jolas txokoa egin zuten hilaren 15ean. 

Astearte honetako Liburuaren Egunean bertan, hilaren 23an, bestalde, Xabier Mendigurenen “Oso latza izan da” kronika liburu literarioari buruzko solasaldia egin zuten egilearekin berarekin. "Joxe Arregiren pasioa, herioa eta berpiztea liburua komentatu genuen Xabier Mendiguren 
idazlearekin; berezia izan zen: interesgarria, eta hunkigarria. Gainera, gure artean izan ziren Joxeren familiako kide batzuk, eta bere gaztetako lagun bat", berri eman dute liburutegitik.

Ez da amaitu eta segida izango du asteotako dinamikak, hitzorduokin:

Liburuaren hilabetea
Apirilak 30, asteartea
18:00
Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren “Gutunak birramonari” liburuaren aurkezpen-tailerra 8-10 urte arteko haurrentzat eta haien gurasoentzat.


Maiatzak 8, asteazkena
18:00
Irakurketa solasaldia LH6ko gaztetxoentzat, Yolanda Arrietaren eskutik. Mariasun Landaren “Galtzerdi suizida” liburua hartuko dute ahotan. Aleak eskuragarri liburutegian.

Maiatzak 15, asteazkena
19:00
Idoia Torregarai Martija herrikidearen “Mikroipuinak” liburuaren aurkezpena.

Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.