Uxue Fernandez, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasean gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 26a, 08:04

Atzo hasitako Gipuzkoa Bertsotan ekimenean parte hartuko du ostiral arratsalde honetan Uxue Fernandez herrikideak.

Bertso zaletuentzako urteko hitzordu nagusietakoa hastera doa, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea hain zuzen; "Gipuzkoa Bertsotan". Udalerri honekin lotura bikoitza izango du ekimenak. Izan ere, 20 saio jokatuko dira bi itzulitan (hamabi lehenengoan, zortzi bigarrenean), haietako bat Sutegin. Horrez gain, 15 gai-jartzaile eta 8 epaileren parte hartzearekin batera, 74 bertsolari lehiatuko dira. Haietatik 48 igaroko dira bigarren itzulira eta haietatik 34k eskuratuko dute udazkenean abiatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela. 

Lehiaketa horren abiapuntuan, lehen sailkatze fasean parte hartuko duen bertsolarietako bat, sortzez Urretxukoa izan arren Usurbilgo herrikidea dugu; Uxue Fernandez Lasa.

Berriki, 23. Korrikari lotutako ekimenen agurrean, martxoaren 21ean Usurbilgo kaleetan barrena egindako kultur ibilbidean parte hartu zuen Fernandezek bertsotan. Gabiriako kultur etxean izango du aipatu sailkapen faseko lehenengo saioa, ostiral honetan, apirilaren 26an, arratsaldeko 19:00etan.

Sutegiko saioa
Gipuzkoa Bertsotan ekimenari bezperan, hilaren 25ean emango diote hasiera eta ekainaren 2ra arte luzatuko da. Tarte horretan, aipatu moduan, saioetako bat Sutegin jokatuko da; zehazkiago esanda, sailkapen faseko bigarren itzuliko hitzorduetako bat, maiatzaren 26an, arratsaldeko 17:00etan. Bertan, "B taldeko bertsolariak" lehiatuko dira puntuazioaren arabera. Ion Zaldua Brit ariko da gai-jartzaile lanetan. Sutegiko saiorako sarrerak jada bertsosarrerak.eus atarian erosi ditzakezue. Hiru sarrera mota jarri dituzte guztion eskura; arrunta (7 eurotan), 6-18 urte artekoei zuzendurikoa (5 eurotan) eta Bertsozale Elkarteko bazkideentzako izango dena (5 eurotan). Gipuzkoako Bertsozale Elkartetik ohartarazi dutenez, "Internet bidezko sarrerak erosteko aukera saioa hasten denean amaituko da". Sarrerak ez dira zenbakituak izango. Horrekin batera jakinarazi dutenez, "aretoko ateak orduerdi lehenago irekiko dira".

Berrikuntzak
Gipuzkoako lehen bertso-eskola sortu zenetik 50 urte beteko diren honetan ospatuko da aurtengo Gipuzkoa Bertsotan. Antolatzaileek iragarri dutenez, "urteurrena behar bezala ospatzeko, afari-meriendak egingo dira saioen ondoren. Bertsozaleok elkartzeko aparta izango da, beraz". Hitzorduok tokian tokiko bertso-eskolek antolatuko dituzte. "Keinu hori, hain zuzen ere, aurtengo txapelketaren mezuarekin bat dator, bertso-eskolak erdigunean jartzen baitu, eta bertsoaren unibertsoa zabaltzen baitu", Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen esanetan. Horregatik, aurtengoan, "bertsolaritzaren ekosistema honetan lehengai hori sortzen dutenen lana eskertu eta lan horren aitortza egin nahi diegu bertso-eskolei: jakitun baikara beraiek direla aipatutako ekosistema horren eusle". 

Aurtengo txapelketaren Unai Gaztelumendiren irudia eta mezua ere ildo horretan kokatu dute antolatzaileek. "Bertso-eskoletako lehen belaunaldi inguruko irudiak dakartza, behean Uztapide duela. Zuri-beltzeko argazki horretatik gaur eguneko bertso unibertsora heltzeko ezinbesteko pausoa izan dira bertso-eskolak, eta horixe irudikatu nahi du, hain zuzen ere, Gaztelumendiren irudiak".

Horrez gain, bertso saioei dagokienean, txapelketaren forma bera ere aldatu dela eman dute aditzera. "Ariketetan berritasunak daude, eta horien lanketaren atzean egon da Bertsogintza Batzordea, Talde Antolatzailearen baitan".

Hala, Uxue Fernandez Lasak eta gainerako lehiakideek honako ariketak egin beharko dituzte lehen itzulian:
-Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
-Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
-Ganbara: bi puntu erantzun eta bakarka bi bertso.
-Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.

Bigarren itzulira sailkatuko direnek, honako hauek:
-Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
-Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
-Bakarka, hitza emanda, hamarreko txikian bertso bat.
-Binaka, gaia emanda, seiko motzean hiruna bertso.
-Ganbara hiru gairekin: bakarka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Informazio gehiago, bertsozale.eus atarian jaso dezakezue.