Ohiko urratsa halako erabakien aurrean. Usurbilgo Udalak jendaurrean jarriko du apirilaren 25eko osoko bilkuran hartutako erabakietako bat; 2024ko ordenantza fiskaletan txertaturiko aldaketak, gaurko, maiatzaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez berri eman duenez.
Haur eskolako kuotak
Izan ere, bi osoko bilkura egin zituzten apirilean udaletxean; bada loturarik bi saioon artean. Lehenengoa, apirilaren 11n egin zuten. Ezohiko izaeradun saio hartan, haur eskolari lotutako bi erabaki hartu zituen udalbatzak; batetik, bertako erabiltzaileen betebeharren eta eskubideen araudia onartu zuten. Horren aurretik, haur eskolaren zerbitzu kontratua hiru urtez esleitzeko prozedura abiatzea ere erabaki zuten udal ordezkariek.
Araudiari dagokionean, bestelako berrikuntzen artean, kuotak nabarmen murriztea aurreikusten du. Garai batean 300 euro ordaintzetik, etorkizunean, haur eskolaren egun osoko erabilera egingo duten erabiltzaileek 60 euroko kuota ordaintzera igaroko dira, 40 eurokoa zerbitzu hau egun erdiz baliatu asmo dutenek. Kuotetan aldaketa hau bideratzeko, saio hartan iragarri zuten, hilaren 25eko osoko bilkuran aurtengorako onartuak dituzten ordenantza fiskaletan haur eskolari lotutako kuoten aldaketa hau txertatuko zutela.
Halaxe egin zuten, beraz, duela bi asteko osoko bilkuran. Aipatu berrikuntza hau txertatu zuten aurtengo ordenantza fiskaletan. Halere, erabaki hau aldaketa gehiago txertatzeko ere baliatu nahi izan zuten. Esaterako, haur eskolako erreserba kuota ere 30 eurotan finkatzea erabaki zuten egun osorako; 20 eurotan lanaldi erdirako.
Ikastaroak eta hobariak
Bestetik, kirol zerbitzuen esleipen berria prestatzen ari da Udala. Lizitazio berriak langileen soldatak eguneratzea eta eguerdietan kiroldegia irekitzen segitzea kontuan hartzea ekarriko du. Ondorioz, ikastaroen prezioak berrikusi eta garestitu beharra ere bai. Asmoa, igoera progresiboa izatea da, lau urteetan %25 garestitzea ikastaroen prezioak, igoera kolpekoa ez izateko. Horrekin batera, ikastaroen arteko oreka sustatu nahi dute, ikastaroak bateratu, erabiltzaileek horien hautaketa egiterakoan aukera berdintasuna sustatze aldera, egoera ekonomikoa edozein izanda ere. Behar duenak norberaren errentaren araberako hobarien eskaintza zabala eskura duela gogorarazi du Udalak, beste behin.
Aldaketa gehiago ordenantza fiskaletan. NOAUA! K.E.-k izen-ematea itxi berri duen Udajolaseko kuotetan ere aldaketatxo bat txertatuko dute ordenantza fiskaletan. Izan ere, harrera familietara datozen haurren kasuan, kuota doakoa izango da.
Azkenik, hobarien sistema ere egokitu egingo du Udalak. Zehazki araudi horren bi artikulu aldatzea erabaki zuen udalbatzak apirilaren 25eko osoko bilkuran. Batetik, lanbide arteko gutxieneko soldatan izan den igoera islatua utziko dute. Honenbestez, hobarien taula eguneratuko du Udalak eta modu honetan geratuko da:
Bizikidetza unitateko pertsona kopurua |
Hobaria |
||
%90 |
%75 |
%50 |
|
1 |
< 17.464 |
17.464 – 19.845 |
19.846 – 23.814 |
2 |
< 22.861 |
22.861 – 25.878 |
25.879 – 31.117 |
3 |
< 24.925 |
24.925 – 28.418 |
28.419 – 34.133 |
4 edo + |
< 26.830 |
26.830 – 30.641 |
30.642 – 36.674 |
Azkenik, hobarien erabilera egoki eta desegokiak zehaztuko dituzte baita ordenantza fiskalotan. Aurrerantzean, hobarion erabilera desegokiagatik, hauen onuradun izateko eskubidea galdu ahalko da, soilik erabilera desegokia egin den hobarien kasuan. Izan ere, Udala zenbait onuradunek hobarion erabilera desegokia egin dutela ohartu da, beste zenbait onuradunen kasuan bizi-baldintzak aldatu zaizkiela eta ez diotela horren berri Udalari jakinarazi.
Aldaketok gehiengo osoz onartu zituzten EHBilduren eta PSEren babesarekin. EAJ abstenitu zen. Udal gobernu taldetik proposaturiko aldaketen alde agertu ziren jeltzaleak, baina haur eskolari dagokionean beste eredu bat defendatzen dutela adierazi zuen udal taldeko bozeramaile Xabier Otxoak. Ondorioz, abstenitu egingo zirela iragarri zuen.