Andatzako bi gune hauetan egingo dituzte indusketak: Andatza II eta III-n, eta Irigainen. Aztarnategi arkeologikoetan lagundu nahi dutenek, orain dute horretarako garaia. Ekainaren 1era arte egongo da izen-emateko epea zabalik.
Udalak aditzera eman duenez, "Aranzadi Zientzia Elkarteak udan garatzen dituen jarduera nagusietako bat dira ikerketa arkeologikoak: azken urteetan, udalarekin hitzarmena sinatuta, Usurbilen ere urtero egiten dituzte, Andatza II eta III eta Irigain eremuetan".
Usurbilen ez ezik, hainbat herritan aritzen dira halako indusketak egiten, eta aurtengo eskaintzaren berri eman dute. Elkarteko langileekin ez ezik tokian tokiko boluntarioekin lan egiten dute, eta ireki dute dagoeneko izena emateko epea: interesa dutenek galdetegi bat bete behar dute, ekainaren 1a baino lehen. Izena emateko galdetegia helbide elektroniko honetan aurkituko dute: https://labur.eus/ qn8l6.
Azken urteetan egin bezala, Usurbilgo bi indusketak Manu Zeberiok eta Izaro Quevedok zuzenduko dituzte.
Egunak zehaztu ez badituzte ere, Andatza II trikuharriko eta Andatza III zistako indusketak abuztuan egingo dituzte, eta Irigaineko erromatar garaiko aztarnategikoak, aldiz, irailean.