Txirikordaren irekiera

"Txirikordako ateak herriari zabalduko dizkiogu"

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 8a, 15:37

Ostiralean egingo den Txirikordaren herri inauguraziora gonbidatu dituzte sustatzaileek, gaur egin duten agerraldian.

Ostiralean, arratsaldeko 18:00etan inauguratuko dute Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa. Proiektua, eraikina eta bizilagunak ezagutzeko aukera izango du Usurbilgo herriak. Besteak beste, bisita gidatua programatu dute, etxeko txikientzako jolasak, mokadutxoa eta musika! Herrikideek osaturiko Fanfarrikant zuzenean ikusi eta entzuteko aukera izango da.

Hitzorduan parte hartzera gonbidatu gaituzte gaur udal ordezkariek eta Txirikordako bizilagunek hedabideen aurrean egindako agerraldian. "Txirikordaren ateak herriari zabalduko dizkiogu, herriak ere ezagutu ditzan", adierazi du alkateak.

Aipatu moduan, proiektu hau sakonago ezagutzeko aukera izango duzue etzi. Hemen, zenbait xehetasun: 

TXIRIKORDA BELAUNALDIARTEKO ETXEBIZITZA KOMUNITARIOA
Nori zuzendua: etxejabeak ez diren 18-30 urte arteko gazteei eta 65 urtetik gorako helduei.
Helburuak: gazteen emantzipazio beharrei eta adinekoen bakardade edota etxebizitzako irisgarritasun arazoei aurre egitea.
Kokagunea: Lakizar kalea, 2. (Ugartondo).
Inbertsioa: 2,4 milioi euro (Eusko Jaurlaritzaren 640.000 euroko dirulaguntza).
Etxebizitza kopurua: 16.
Bizilagun kopurua: 16 (12 gazte hamar etxebizitzetan eta 4 heldu hiru etxebizitzetan).
Bizilagunak kolektiboka: kolektibo bakoitzarentzat zortzina etxe ziren hasieran.
-Helduen kasuan, sei eskaera izan ziren. Lau onartu zituen udalak. Gainerako laurak erreserban utzi zituen Udalak. Haietatik bat gazteen kolektiboari eskaini zitzaion. Gerora, baja bat egon zen eta hau ere gazteen kolektiboari eskaini zitzaion. Beste hiru etxebizitza erreserban daude. Hilabeteko epea zabalduko du udalak (maiatzak 9-ekainak 10, udal erregistroan) adinekoen artean, hiru bizilekuok betetzeko izen-emateko.
-Gazteentzat zortzi etxe izan ziren eta hasieratik bete ziren. 

Espazio pribatuak:
-Logela bakarreko 12 etxebizitza eta biko beste lau.
-Etxebizitza bakoitzak egongela, sukaldea, komuna eta logela(k) d(it)u.

Espazio publikoak:
Terrazak, portxea sarreran, garbigailuak, biltegiak, sukaldea, jantokia, egongela, erabilera anitzeko gela.

Esleipena:
-Gazteen kasuan: zozketa bidez esleitu ziren etxebizitzak gehienez 5 urterako. Izena emateko ezin zuten etxebizitzarik jabetzan izan. 
-65 urtetik gorakoen kasuan: gizarte zerbitzuek eskatzaileen beharrak neurtzeko baremazioa egin zuten. Kontuan hartu zuten bakarrik bizi den, etxearen egoera, egoera ekonomikoa, mendekotasunik baduen... 5 urtekoa izango da etxebizitzen esleipena, baina luzagarria, "etxea esleitu uneko egoerak bere horretan jarraitu eta bertan bizitzen jarraitu nahi bada". Kasu honetan, helduen aurreko bizilekua parke publikora bideratzea eskatu zaie. 
-Alokairua: errenta diru-sarrera guztien %15 izango da, hilero 90-300 euroko artekoa. Ordainketa bi modulan egingo dute: dirutan eta 8 orduko lan komunitarioa eginda, Txirikordak sortutako ordu bankuaren bidez.

Mugarriak:
-2019: Txirikordaren aspektu sozialak eta hirigintzari lotutakoak definitzeko parte hartze prozesua egin zuten, egitasmo honetan inplikaturiko bi kolektiboekin.
-2022/9: Txirikorda jardunaldiak, etxebizitza komunitarioen eta belaunaldi artekoen esperientziak ezagutzeko.
-2022/10/27: Txirikordara sartu eta bertan bizitzeko baldintzen ordenantza onartu zuen udalbatzak.
-2023/05/18: gazteen etxebizitzak esleitzeko zozketa egin zuten Potxoenean. Helduenak, gizarte langileen baremazio bidez esleitu ziren.
-2023/10/26: urtebete lehenago onartutako ordenantzan esleipendunek adostutako elkarbizitza arauak txertatu zituzten. Urtarrilaren 4an behin betiko onartu zuten.

Informazio gehiagorako: usurbil.eus/txirikorda .
Sustatzailea: Usurbilgo Udala.