"Herri proiektu eta aitzindari eta eraldatzailea da", baita estrategikoa ere adierazi du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, Txirikordaren aurkezpen agerraldian. Mugarri garrantzitsutzat definitu du ostiralean inauguratu eta martxan jartzera doazen egitasmoa Usurbilgo herriarentzat. "Gisa honetako proiekturik ez dago Usurbilen eta ia ziur esango genuke gisa honetako proiekturik ere ez dagoela Euskal Herrian". Horren adierazlea da hain zuzen, egitasmoa eragiten ari den ikusmina.
Lerrootan protagonista dugun eraikinean eginiko agerraldian nabarmendu duenez, Usurbilen azken urteotan eraikitzen joandako pertsona ardatz duen arreta eredu komunitarioaren, zaintza ekosistema berritzailearen baitan txertatua dago Ugartondoko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa. "Txirikorda bada elkar zaintzarako espazio bat eta zaintzari ere prebentziotik heltzen dion espazio bat", alkatearen esanetan.
"Elkarren osagarri"
Handik hurbil dago kokatua Egurtzegi, zaintzadun etxebizitzen auzunea. "Gerta daiteke adineko pertsonak uneren batean bere dependentzia egoerarengatik ezin badute jarraitu hemen bizitzen, Txirikordatik atera behar badute bere zaintza beharrak areagotu direlako, aukera izatea Egurtzegira joateko".
Txirikorda Ugartondon dago kokatua, auzune berri horretan. Bere garaian, alkateak oroitu duenez, "garapen horretatik eratorrita udalak ekipamendu publiko bat eskuratzeko aukera izan zuen" Udalak. Ekipamendua zertarako erabili definitzeko unea heldu zitzaien gero. Usurbilgo behar sozialen inguruko behaketa lana egin zuen Udalak. "Ikusi zen, bazeudela bi behar", gazteen emantzipatzeko zailtasunak etxebizitza prezio garestien eta lan prekarietateagatik batetik, eta, bestetik, adinekoen artean, "bizitoki egoki baten premia" bazela, bakarrik bizitzeagatik edota bizitoki egoki baten beharragatik.
Behar horiek "elkarren osagarri" bihurtzeko apustua egin zuen Udalak eta, beraz, Ugartondoko ekipamendu honetatik bi kolektibo hauen beharrei erantzutea erabaki zuten. "Gainera, ikusten genuen bi kolektibo horiek bateratzeak izan dezakeela indar gehigarri bat eta izan daitekeela, bi kolektiboentzat ere bizikidetza aberasgarria".
Bi kolektibo hau batzeko apustu horretatik sortu zen egitasmo honen izena; Txirikorda. "Bi kolektiboak txirikordatu, lotu, batzeko ideia horretatik dator Txirikorda izena". 2019. urtean zehar kolektibootako herrikideekin eginiko parte hartze prozesuak definitu zituen nagusiki egitasmo honen alderdi sozialak eta hirigintzari lotutakoak. "Prozesu horretan diseinatua zen aurreproiektu bat eta hori oinarri hartuta egin da eraikina", alkateak gaurko agerraldian gogorarazi duenez. Diseinu lanaz adierazi duenez, "Txirikorda bada benetan hirigintza feministaren adibide bat".
Amaiera, nahi baino gehiago atzeratua
Eraikitze lanak nahi eta aurreikusi baino beranduago amaitu dira. "Amaiera nahi baino gehiago atzeratu zaigu", azaldu du Usurbilgo alkateak. Hilabeteotan hainbatetan albiste izan dugu gai hau. Izan ere, obren ardura zuen enpresa eraikitzaileak (Muriasek) hainbat alditan bere gain hartutako konpromisoagatik obren exekuzio kontratua eten behar izan zuen Udalak, 200.000 euroko kalte-ordaina exijitzearekin batera.
Hutsik diren bizilekuetarako izen-ematea
Ostiralean inauguratuko duten Txirikordak 16 etxebizitza ditu. Bizilekuoz gain, belaunaldiarteko bizikidetza kolektiboa bideratzeko hainbat espazio; terraza partekatuak, egongela, sukalde eta jangela komunitarioa... eta Txirikordako bizilagunez gain, herriak baliatu ahalko duen erabilera anitzeko gela.
Hasieratik "saiatu gara belaunaldiarteko oreka mantentzen". Udalaren asmoa zortzi etxe 18-30 urte arteko gazteentzat izatea zen, beste zortziak 65 urtetik gorakoentzat. Gazteen artean, hasieratik piztu zuen interesa egitasmo honek. "Gazteak gehiago ziren Txirikordan bizitzeko nahia adierazten zutenak helduak baino", alkatearen esanetan. Hala, egun, hamar etxebizitzetan gazteak bizi dira, beste hiru pisuetan 65 urtetik gorakoak. Une honetan hiru hutsik daude, baina gaurko agerraldian Udalak iragarri duenez, adinekoen kolektiboan interesa izan dezaketenentzako hilabeteko izen-emateko epea zabalduko du Udalak.