Izan ere, urtebeteko elkar ezagutza eta prestaketa lanen bidea osatu dute Txirikordako bizilagunek. Iazko maiatzean etxebizitzak esleitu ostean hasi ziren biltzen, komunitatearen kontzeptua nork bere ikuspegitik definitzen eta azaleratzen zihoana denen artean josten. Irailetik aurrera, barne-araudia lantzeari ekin ziotela azaldu dute gaurko agerraldian. "Prozesua orohar oso naturala izan da", nabarmendu du Olatzek. Jarraikortasun bat izan duela gaineratu du. Eraikitze lanak atzeratzea lagungarri suertatu zaiela adierazi dute. Izan ere, hartara, "horrek lagundu du komunitate are sendoagoa izatea".
Ibilbide honetan, azpimarratu duenez, "belaunaldiarteko ikuspuntuak lotzea izan da erronka nagusia". Komunitatea osatzeko "enpatia lanketa handi bat" bideratu dute denek, gaurkoan azaldu dutenez; "beraiek gure tokian jartzea eta gu beraienean", Olatzen esanetan. Batzuen eta besteen erritmoak bateratzeko ahalegina egin dute. Behar ezberdinak josteko lan hau lagungarritzat jo du. Bide horretan, Zabalduz kooperatibako kideak izan dituzte bidelagun. "Asko lagundu digute. Prozesuan funtsezkoak izan dira", Askorretaren esanetan.
"Zerbait gehiago sortu da hemen"
Beste perspetkiba bat hartzen, ahalduntzen lagungarria izan zaie prozesu hau, baita jabetze ariketa bat ere. "Ikusi dugu proiektu hau ez dela edonori zuzendurikoa". Izan ere, belaunaldiarteko elkarbizitza komunitarioa sustatzen du egitasmo honek eta hori aintzakotzat hartu beharrekoa da noski. "Oso polita da etxetik atera eta segituan bizilagunekin topatzea. Eguna alaitzen digu. Jada ez gara ezagunak bakarrik, zerbait gehiago sortu da hemen".
Taldeak
Pozik egindako bidearekin, ibilbide horretan ikasitakoa praktikan jartzen hasiak direla berri eman dute. Asanblada bat osatua dute bizilagunek. Sarritan egiten dituzte bilerak. Une honetan egungo beharrei aurre egiteko hiru talde osatuak dituzte Leire Arregik berri eman duenez. Egunotan, hedabideetan bolo-bolo dabil Txirikordaren proiektua. Elkarrizketak lotzen ari da taldeetako bat. Beste bat, Udalarekin hartuemanetan da. Hirugarrena, ostiraleko inaugurazioa prestatzen ari da. "Edozer bada, asanbladan komunikatzen da, hor erabakitzen dugu dena", Arregik nabarmendu duenez.
Momentuz, hiru dira osatu dituzten taldeak. Beharrak aldatzen joango direla ziur dira eta horiei aurre egiteko egokitzen joan daitezke taldeok. Esaterako, gaurko agerraldia egin duten eremua, "soziedadea izango da. Hau kudeatzeak beste lan bat eskatzen du. Bakoitzak zer egingo duen aztertzen ari gara". Horregatik, "pixkanaka behar horiei erantzun" nahi diete.
Aipatu asanblada eta taldeez gain, barne-araudi bat onartua du Udalak. Bertan, Txirikordako bizilagunen eskubide eta betebeharrak zehazten dira. "Araudi bat dugu garbiketarako. Egutegia finkatua dugu bakoitzari noiz lan egitea dagokigun zehazten duena", azaldu du Ofelia Moraima Rodriguez Peñalverrek. Iragarri duenez, gainera, auzokonpostatze egitasmoan parte hartu asmo dute. Gastuei kolektiboki aurre egingo diete, "komunitatean bizi baikara". Horrez gain, sukalderako arduradunak dituzte. Hilero hitzartuak dituzten zortzi orduko lan komunitarioak bideratzeko lanketan dira.