#E9

Asteartean egingo dute, Europako hauteskunde egunerako mahaikideen zozketa

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 9a, 11:18

Ekainaren 9ko Europako Parlamentua berritzeko hauteskunde egunerako mahaikideak zozketa bidez hautatuko dituzte, maiatzaren 14ko ezohiko osoko bilkuran.

Europako Parlamentua berritzeko hauteskundeetara aurkeztu diren hautagai-zerrendak argitaratu zituen atzo estatuko Hauteskunde Batzorde Zentralak. Gaurkoan, maiatzak 9, Usurbilgo Udalak hauteskunde egunean lan egitea egokituko zaien herrikideak hautatzeko zozketa hitzordua finkatu du. Izan ere, apirilaren 25eko osoko bilkuran iragarri moduan, datorren asteartean egingo dute, maiatzaren 14an, goizeko 9:30etan. Saio ezin laburragoa izango da, minutu inguru iraungo duena. Izan ere, egungo gai-zerrendan ez baitute bestelako gairik ahotan hartuko. Gogoan izan, udalek maiatzaren 11tik 15erako tartea dutela zozketa hauek egiteko.

Zozketa egin ostean, ohi bezala, hurrengo egunetan helduko zaie jakinarazpena udaltzainen bidez, ekainaren 9an hauteslekuetan lan egiteko aukeratuak izan diren herrikideei. 

Posta bidezko botoa
Gogoan izan, bestalde, zabalik segiko duela posta bidez botoa ematea eskatzeko epealdiak, maiatzaren 30era arte. Modu honetan bozkatzea erabakitzen dutenak, maiatzaren 20tik aurrera hasiko dira dokumentazioa jasotzen. Jaso ahala, botoa emateko aukera izango dute tramitazio hau egoki bideratu dutenek. Berez, ekainaren 5era arteko tartea zehaztu zuten botoa modu horretan emateko. Baina Hauteskunde Batzorde Zentralak epealdi hau egun bat luzatzea erabaki du, hilaren 6ra arte, beraz. 

Honatx, ekainaren 9ko Europako hauteskundeei begira kontuan hartu beharreko data hauek:
-Apirilak 16-maiatzak 30: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera.
-Maiatzak 13: hauteskundeetara aurkezturiko hautagai-zerrenden aldarrikapena Estatuko Aldizkari Ofizialean.
-Maiatzak 14, 9:30: mahaikideak hautatzeko zozketa udaletxean (maiatzaren 18ra arte jakinarazpenak heltzeko tartea).
-Maiatzak 20-ekainak 2: posta bidez botoa ematea eskatu dutenek beharrezko dokumentazioa jasoko dute.
-Maiatzak 24-ekainak 7: hauteskunde kanpaina.
-Ekainaren 6ra arte: posta bidez botoa emateko aukera.
-Ekainak 8: hausnarketa eguna.
-Ekainak 9: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.

Informazio gehiago, jada martxan dagoen https://info.eleccioneseuropeas2024.es/eu/ atarian jaso dezakezue.