Txirikordaren irekiera

"Ikuspegi aldaketa bat dakarren proiektua da Txirikorda"

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 10a, 09:12

Bertan bizi dira dagoeneko eta atea herriari irekitzera doaz. Ostiral honetan, maiatzaren 10ean, 18:00etan Txirikordaren herri inaugurazioa antolatu dute bizilagunek eta Udalak.

Arantzazu Aranbururekin eta Aitor Zabaletarekin bildu gara, haien bizileku berrian. Aranburuk astea egin du jada, Zabaletak pare bat hilabeteko egonaldia. Elkarrizketa hasi orduko, leihotik bizikideak agurtzen ari dira, irribarre konplizeak nabari zaizkie. Denek Udalak sustaturiko Txirikorda izango dute aterpe aurrerantzean. Ez da izango ordea, ohiko norbere bizitokia. Bi belaunaldi elkarbiziko dira bertan alokairu sozialean, 18-30 urte arteko nahiz 65 urtetik gorako herrikideak. 16 etxebizitza ditu eraikinak, baina elkarrizketatuek NOAUA!ri nabarmendu dioten moduan, "etxe bakarra" da, belaunaldiarteko bizileku komunitarioa. Nork bere bizitokia du baina era berean, benetako bizikidetza sustatzeko espazio partekatu bat baino gehiago ditu; egongela eta terraza komunitarioak edota asanbladak, otorduak, ekimenak batera egiteko aukera eskainiko dieten elkargune modukoa sarreran. Txirikordak, gainera, badu herriari irekia egongo den erabilera anitzeko areto bat ere.

Espazio hauek guztiak, ostiral honetan bertan, maitzaren 10ean ezagutzeko aukera izango duzue, arratsaldeko 18:00etan hasita iragarri duten herri inaugurazioan. Eraikina, proiektua bera, bizilagunak nortzuk izango diren jakin nahi izanez gero, bisita gidatua egingo da, etxeko txikientzako jolasak iragarri dituzte eta Fanfarrikant talde berria zuzenean entzuteko parada izango da. Guztia, jan-edan eta ospakizun giroan. Elkarrizketatu ditugun bizilagunen gonbita segidan. "Etorri, ateak zabalik ditugu. Pozik izango ginateke, jendea ahalik eta gehien bilduta, hemen ikusiko bagenu", adierazi du Aranburuk. Ildo beretik mintzatu da baita Zabaleta. "Bisita gidatu bat egongo da zuek ikusteko nola dagoen etxea barrutik antolatuta. Ilusio handiz azalduko dizuegu dena. Animatu!". Herrira zabalik izan nahi dute elkargune hau, baita hurbilen duten auzune berrira ere. Izan ere Ugartondok "ez du bizitzarik oraingoz. Etxe hau izan daiteke auzo bizitzari ekarpena egingo dion gunea". 

Urtebeteko bidea 
Ekin berri diote elkarbizitzari Txirikordako kideek, baina ez dute orain elkar ezagutu. Bistaz edota lehendik ere harremandu arren, azken urte honetan ibilbide bat partekatu osatu dute; hutsetik, komunitate berri bat eraikitzen joan dira. "Dinamizatzaileak izan ditugu horretan lagundu digutenak. Horri esker baita ere prozesu eder bat eman dugu, oso ona", Aranbururen esanetan. Jakintzat emandakoak zalantzan jartzeraino. "Segurutzat jotzen ditugun gauza horietaz ere hitz egin dugu: elkarbizitza nolakoa izango den, arduren banaketa, tratu onen inguruko saioak izan ditugu...". Baliagarria izan zaie prestakuntza fase hau. "Bakoitzak bere onena eman ahal izateko erritmoa pausatu dugu eta horrek bakoitzaren gaitasunak zeintzuk diren azaleratzen lagundu du", Zabaletak nabarmendu duenez. Ostiraleko inaugurazio ekitaldiaren antolaketa bera jarri du horren adibide gisa. Bakoitzak dakien horretatik egin du bere ekarpena. Horixe izango da aurrerantzean elkarrekin egingo duten bidearen gakoetako bat.

Bizitza komunitarioan murgiltzen
Prozesu horretan, jada eman dute pauso garrantzitsuetako bat. Orain arte bizileku izan dutena utzi eta Txirikordara etortzea. Etxe aldaketa nola bideratu duten galdetu diegu. "Aukera aparta da hau niretzat", azaldu digu Aitorrek. Izan ere, Txirikordak "konfort egoeratik atera eta harreman eremua zabaltzea ahalbidetzen du, pertsona ezberdinekin harremantzea eta hori aberasgarria da denontzat". 

Arantzazuk azaldu digunez, "zorte handitzat dut aukera hau eduki izana. Ni berez nahiko bakartia naiz, bakardadea gustuko dut baina harremandu eta jendartean egotea ere atsegin zait. Bi moduok oso ondo uztartzen dira hemen. Gainera, lehengo etxea handiegi gertatzen zitzaidan, hau berriz neurrikoa dut, argitasun izugarrikoa. Seme-alabengandik gertu naiz. Oso gustura nago", adierazi digu Aranburuk. Proiektu honen berezitasunetako bat goraipatu du; belaunaldiartekotasunaren balioa. "Gazteok ematen diguten bizipoza, sasoia, animu eta alaitasuna izugarria da", Aranbururen esanetan. 

Egokitze fasea bizi dute, aldaketa nabaria baita. "Bizimodu desberdina da" Txirikordakoa, Arantzazuren esanetan eta "horrek ekarritako erronkei aurre egin behar diegu. Gure artean bildu, hitz egin eta erabakiak hartu beharko ditugu". Aitorrek aurreikusi duenez, "orain hasiko gara deskubritzen benetan bizimodu komunitarioak duen potentzialtasuna". 


"Ikuspegi aldaketa bat dakarren proiektua da"
Txirikordara bizitzera joan nahi izanez gero, zer izan behar genukeen argi galdetu diegu. "Irekitasunean bizitzea, hori da lehenengo baldintza, zure bizitza besteekin partekatzeko borondatea eta nahia izatea", adierazi digu Arantzazuk. Ildo beretik, nork bere bizileku propioa eta eremu intimo hori izanda ere, "zure bizitza jendartean eraikitzea", nabarmendu du Zabaletak.

Horregatik, argi diote, "ikuspegi aldaketa bat dakarren proiektua da" Txirikordarena. Ohiko norbanakoen bizilekuekin alderatuta, beharrezko "espazio pertsonalaren horma hori hor dago, baina isolatzen zaituena eraitsi egiten da hemen". Horretan eragin nabarmena duena, bizilagunok osatua duten asanblada da, "benetan garrantzitsua komunitatea eraikitzeko". Ez da irudika dezakegun ohiko bizilagunen komunitatea. "Asanblada honen ikuspuntua eraikitzailea da. Nola eraikiko dugu bizitza komunitatean? Elkarri, herriari zer aportatu diezaiokegu? Hori arakatzean dago gakoa", Zabaletaren esanetan. Izan ere, "gutako bakoitzak elkarri asko aportatzeko dugu eta komunitate horrek hori ahalbidetzen du". Elkarrekin bizitzeaz gain, astero biltzen dira, "elkarri neurria hartzen ari garela esango nuke", nabarmendu du Aitorrek. "Jendearen inplikazioa handia da, onena emateko borondatea du". Dagoeneko hainbat batzorde osatu dituzte; komunikazioaz arduratuko den talde bat dute, Udalarekin harremantzeaz arduratuko den beste bat, inaugurazioa prestatzeaz arduratu direnak... "Orain arte elkar ezagutze fase baten egon ostean, lan komunitarioari ekin diogu", gaineratu dio NOAUA!ri. 


Gizarteko beharren ispilu
Txirikorda "gizarte behar bat asetzera dator" adierazi digu Zabaletak. Baina hitz egiten joan ahala, behar bat baino gehiago zerrendatu dituzte, egun aurre egiteke ditugun hainbat erronka. Lehenbizikoak, gazteek etxebizitza bat eskuratzeko duten ezintasunari nahiz adinekoen bakardade ez hautaturi aurre egitea. Baina horrez gain, geroz eta gizarte indibidualizatuago honetan, komunitatean bizitzearen onura eta garrantzia. "Ez gara jabetzen zenbateraino bizi garen isolatuak, elkar laguntzeko zenbat zailtasun ditugun. Aldaketa beharrezkoa da" Zabaletaren hitzetan, bai antolaketari edota harremantze moduari dagokionean. "Hau dena askoz modu osasuntsuago batean antolatu behar dugu. Beste harremantze espazioak behar ditugu, bestelako babes sareak behar ditugu". Aranburuk ere argi adierazi du, "gaurko errealitateari erantzun behar zaio, etxebizitzak egiterakoan berdin". Hortxe, beste behar bat, etxebizitzarena. Etorkizunean Txirikorda bezalako proiektu asko beharko direla adierazi digute, "alokairu sozialekoak. Etxebizitza oinarrizko eskubide bat da, baina gaur egun sistemak ez du hori bermatzen", Zabaletak gogorarazi duenez. Horrez gain, "zaintza beste modu batean ulertzea eta parte hartze soziala sustatzea" aipatu dizkigute baita; kasu honetan, Txirikordak "herriari ekarpena egitea, herri bizitza bultzatzea". Erronka hauen bueltan, ekin diote bizikidetza partekatuari.