"Ortzadarra" lelope koloretsuan, milaka euskaltzale batuko ditu igandean, maiatzaren 12an, Senpereko lakuaren bueltan Herri Urrats jaialdiak. Antolakuntzak jakinarazi duen moduan, Seaskako ikastolen aldeko festan bildutako laguntza Beskoitzen ikastola bat eraikitzera bideratuko da.
Etzirako, "egun osoko egitarau oparoa prestatu dugu", iragarri dute. Zortzi gune izango ditu aurtengo ibilbideak. Segidan duzue egitarau osoa. Jan-edana, kontzertuak, ikuskizunak, animazioa, haurrentzako ekintzak... denetarik izango da lakuaren bueltan. "Euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatuko dugu lau haizetara, ortzadar erraldio bat margotuz aintziran". "Animatu eta parte hartu!", egin berri dute gonbita Udarregi ikastolatik.
Hitzorduen artean, herri honi lotutako deialdi bat. Izan ere, Delirium Tremensek kontzertua eskainiko du 13:45-15:00 artean, sarrera nagusitik hurbil, "Nafarroa Badok" izeneko gunean. Taldeko kideetako bat, hain zuzen, Haritz Harreguy usurbildarra da. Laster, gainera, gure artean izango ditugu. Izan ere, ekainaren 1ean ospatuko den Aitzaga Kultur Elkartearen aldeko 30. urtemuga jaialdiko kontzertu gauean parte hartuko du Delirium Tremens taldeak. 1991n desegin eta 2022an itzuli zen plazara, "Hordago" izeneko lan berriarekin.
Xehetasun gehiago...
Neoma taldeak egin du aurtengo Seaskako ikastolen aldeko jaialdirako abestia; "Hor Gaude" izenekoa. Albiste honi atxikia duzue, bideokliparekin batera.
Informazio gehiago, herriurrats.eus atarian jaso dezakezue.