Azken orduotako giro beroaren ondotik, aldaketa etorriko da larunbat bazkalostean. Izan ere, ekaitzetara jo dezake egunak. Horregatik hain zuzen, abisu horian izango garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Larunbat arratsaldeko 15:00etan hasi eta iluntzeko 21:00ak arte, prezipitazio handiagatik jarriko dute indarrean kolore horretako abisua. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake eta baliteke zenbait tokitan handiak izatea eta txingorra botatzea (1-2 cm), bereziki barnealdean. Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan litezke (60-80 km/h ingurukoak)", Euskalmet-ek ohartarazi duenez.
Giro honekin, larunbat honetan, maiatzaren 11n Usurbilen, "zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitua egongo da. Arratsaldean bero-hodeiak ugarituko dira. Arratsaldetik aurrera zaparradak botako ditu; baliteke handiak izatea, txingorra egitea eta haize-bolada gogorrak izatea. Hegoaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, eta arratsaldean iparraldera egingo du. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".
Bihar, hilak 12, "zerua tarteka hodeitsu egongo da; arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira. Egunaren bigarren partean baliteke zaparrada txikiak botatzea, zenbait lekutan ertainak. Goizaldean mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, goizean ipar-mendebaldetik finkatu eta ahul-bizi ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".
Astelehenean, maiatzaren 13an, "egunaren lehenengo partean zerua hodeitsu egongo da; arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta zerua oso hodeitsu geratuko da. Arratsaldetik aurrera euri txiki-ertaina egingo du, zenbait lekutan sarri eta ugari egin dezake. Hego-osagaiko haizea ahul-bizi ibiliko da; eguerditik aurrera ipar-mendebaldera egingo du, ahul-bizi ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.