Txirikordaren irekiera

"Hau hasi besterik ez da egin, gora Txirikorda!"

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 11a, 14:07

Proiektuarekin batera bizilagunak nortzuk izango diren ezagutzeko aukera izan zen, ostiral arratsaldean egindako Txirikordaren herri-inaugurazioan. Haien hitzak eta irudiak dituzue albiste honetan.

Proiektuaren nondik norakoen berri jaso eta instalakuntzak barrutik ezagutzeaz gain, Txirikordako bizilagunak nortzuk diren ezagutzeko aukera izan zuten, ostiral arratsaldean belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren herri-inauguraziora joandakoek.

Loreak ureztatzen edota otordurako mahaia atontzen agertu ziren pozarren, solairu ezberdinen terraza komunitarioan. Adin tarte, testuinguru sozial nahiz jatorri ezberdinetako herrikideak denak. "Txirikorda etxebizitza komunitarioa da. Dakizuenez adin tarte ezberdinetako pertsonak elkar biziko gara bertan. Hori balioan jarri nahi den alderdia da. Belaunaldiartekotasuna esperimentatu eta sustatuko dugun eremua izango da Txirikorda. Komunitatea sortuko dugu. Gutako bakoitzak etxebizitza pribatua izango badu ere, espazio partekatuak eta are gehiago izango ditugu. Bizitzaren alderdiak konpartituko ditugu eta erabaki guztiak denon artean hartuko ditugu. Giza baloreak izango ditugu helburu eta errespetuz eta arduraz jokatuko dugula hitz eman dugu", iragarri zuten.

Elkar zaindu nahi dute komunitate barruan, baina ekarpena egin nahi diote herriari ere. "Irekiak izan nahi dugu. Herrian txertaturik harreman estua izan nahi dugu zuekin. Txirikordatik hainbat ekintza jaioko dira. Uste baino lehen, gure berri izango duzue, egon adi. Laster, eraikinaren beheko aretoaren ateak zabalduko ditugu herritar guztiontzat. Espazio bat gehiago izango duzue gizarte nahiz kultur ekimenak partekatzeko", iragarri zuten.

Lehen hitzordua atzokoa izan zen; inaugurazio ekitaldia. "Ospa dezagun herriak eman duen urrats bikaina, eta goza dezagun guztiok batera", adierazi zieten Txirikorda atariko plazan bildutakoei.

"Etxebizitza eskubidea da, ez negozioa"
Txirikordako bizilagunek eskerrak helarazi nahi izan zizkieten 2019an garatzen hasitako egitasmoan bidelagun izan direnei. "Udalaren gidaritzapean, 30 bat herritarrek prozesuan parte hartu zuten eta gaur gauzatuta ikusten dugu bertan landutakoa. Pozik eta oso eskerturik gaude hau guztia posible egin duzuen guztiei", goraipatu nahi izan zuten.

Zorte handia izan zutela adierazi zuten Txirikordako bizilagun izateagatik, "baina ezin ahaztu Txirikordako atarian geratu zaretenok, eutsi itxaropenari!", adierazi zieten.

Aurkezpen ekitaldian zehar, eseki zuten pankarta hartu zuten ahotan; oinarrizko behar bat aldarrikatu zuten. "Oinarrizko eskubidea da guzti guztiok etxebizitza duin bat izatea, eskubide hori aldarrikatu nahi dugu ozenki hemendik. Etxebizitza izatea horixe baita, eskubide bat, eta ez luke negozio bat izan behar", adierazi zuten Txirikorda atarian bildutakoen txalo artean.

Etxebizitza duina guztiontzat aldarrikatzeaz gain, "zaintza sistema goitik behera aldatu" behar dela galdegin zuten. "Gizarte politikak indartu behar dira garaian garaiko beharretara, egokitutako etxebizitzak bermatzeko, giza kolektibo guztiei erreparatuz eta bereziki egoera zaurgarrian dauden horiei".