Txirikordaren irekiera

"Ongi etorri Txirikorda eta bizitza oparoa izan dezazula!"

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 11a, 13:55

Txirikordaren herri inaugurazioa egin zuten ostiral arratsaldean. Usurbilgo Udalak belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioari emandako ongi etorriaren irudi eta hitzak dituzue albiste honetan.

Azken asteotan bizilagunez betetzen joandako Txirikorda zabalik da ofizialki atzoz geroztik. Belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioari egindako herri-inaugurazioan ongi etorria ematen lehena, egitasmoaren sustatzaile Usurbilgo Udala izan zen. "Ongi etorri Txirikorda eta bizitza oparoa izan dezazula!", adierazi zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, Txirikordako lehen pisuko balkoitik.

Izan ere, berezi askoa izan zen hasieratik aipatu eraikinaren irekiera ekitaldi ofiziala, alkateak zioen moduan. "Mugarri garrantzitsua da Usurbilgo Udalarentzat eta esango nuke mugarri garrantzitsua dela ere Usurbilgo herriarentzat". Herri proiektu aitzindaria abiarazi zuela jakinarazi zien bertaraturikoei. "Aitzindaria Usurbilen eta aitzindaria Euskal Herrian".

Eskertza
Esker hitzak izan zituen egitasmoa hastapenetik gaur arte ahalbideratu dutenentzat. Hasteko bizilagunentzat, "norberetik asko jartzen ari delako Txirikorda benetan alternatiba baliagarri eta arrakastatsu bat izateko. Gakoa da jarrera hori eta balio dezala Txirikorda bezalako proiektu hauek bai Usurbilen etorkizunean eta bai Euskal Herrian zabaltzeko". 

2015-19 legealdiko udal gobernu taldea ere eskertu zuen, "proiektu hau proposatzeko izandako ausardia eta erabakimenagatik. Lehen hazia eurek erein zuten eta horri esker loratu da proiektu eder hau".

2019an zehar izan hain zuzen, Txirikordan elkarbizitzen jarri diren bi kolektiboetako herrikideekin batera udal gobernu talde hark sustaturiko parte hartze prozesuak egitasmoaren eduki nagusiak definitu zituzten. "Prozesu hura giltzarria izan zen", oroitu zuen alkateak atzoko ekitaldian.

Egiteko hura Hiritik At kooperatibak dinamizatu zuen. "Haiei ere eskerrak eman nahi dizkiet proiektu honetan hasiera hasieratik sinestu zutelako, bultzatu eta animatu gintuztelako aurrera egitera, proiektu hau hezurmamitzen eta edukiak josten eta lantzen lagundu zigutelako. Prozesu hartan ere euren alea jarri zuten herritarrei ere eskerrak eman nahi dizkiet. Izan ere, orduan definitutako ia eduki guztiak barnebiltzen dituelako egun martxan daukagun proiektuak, izan alderdi sozialari lotutakoak edo izan hirigintzari lotutakoak".

Prozesu hartan oinarrituta landu zuen LZB arkitektura kooperatibak Txirikordaren proiektu arkitektonikoa. "Balioan jarri nahi dut, hirigintza feministaren adibide eredugarria delako Txirikordako eraikina. Proiektu honetatik sustatu nahi diren helburuak, balioak eta eredu komunitario eta belaunaldiartekoa lortzeko berebiziko garrantzia duelako eraikinaren diseinuak eta uste dut bete-betean asmatu zuela eta haiei ere eskerrak".

Gerora, aurreko legealdiko udal gobernu taldea eskertu nahi izan zuen, "2019ko parte hartze prozesutik eratorritako txosten teoriko hura, praktikara eramateko izandako ausardiagatik". Bidea gorabeheratsua izan da, "baina zailtasunak zailtasun, proiektu honen gauzapenean asko ikasi eta gozatu dugu".

Bi behar sozialen txirikordatzea
Izan ere, egitasmo honek eginiko ibilbidearen errepasoa egin zuen. Gogoan izan, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa Ugartondoko auzune berrian dago kokatua. Garapen urbanistiko horretatik eratorrita eskuratu ahal izan zuen ekipamendu hau Udalak. Haren erabilera zehazteko behar sozialei buruzko diagnosi bat egin zuten. "Ikusi zen bazeudela bi behar sozial" eta bertatik erantzuteko aukera egon zitekeela; gazteen emantzipazio eta adinekoek irisgarritasun arazorik gabeko bizitoki egoki bat izateko nahiz haien bakardade ez hautatuari aurre egiteko beharrak txirikordatu zitezkeela. Izena bera ere hortik datorkio proiektu honi. "Horrela bada, erabaki zen ekipamendu publiko hau emantzipatu nahi zuten gazteei eta konpainian bizi nahiko luketen adinekoentzat, bientzat izan zitekeela".

Zaintza ekosistema sarearen baitan
Egun, Txirikordan bizi den komunitatea eraikitzeko berebiziko garrantzia izan du Udalarentzat, bizilagunek etxeak esleitu zitzaizkienetik iaz, duela gutxira bertara bizitzera joan arte igaro den urtebetean zehar Hiritik At kooperatibakoekin batera elkarrekin jorratu duten prozesuak, "bai elkar ezagutzeko, aliantzak josteko, komunitate izaera hori lantzeko, Txirikordaren edukiak ere barneratzeko eta Txirikordarekiko proiektuarekiko babes hori eta konpromiso hori lantzeko".

Segurtasun erabatekoa agertu zuen alkateak, "bi kolektibo horiek bateratzeak baduela indar gehigarri bat, eta seguru gaude bizikidetza aberasgarria izango dela bi kolektiboentzat".

Elkar zaintza sustatu nahi duen proiektu hau hain zuzen, Usurbilen eraikitzen ari diren zaintza ekosistema eredu berritzailearen baitan kokatua dago, "pertsona ardatz izango duen arreta ereduaren" barruan, "non zaintza beharrean diren herrikideentzat, komunitateak eskaini ditzakeen aukerak artikulatu nahi dituen. Beraz, Txirikorda bada ere elkar zaintzarako proiektu bat eta zaintzari ere ikuspegi prebentibotik heldu nahi dion egitasmoa".


TXIRIKORDA BELAUNALDIARTEKO ETXEBIZITZA KOMUNITARIOA
Nori zuzendua: etxejabeak ez diren 18-30 urte arteko gazteei eta 65 urtetik gorako helduei.
Helburuak: gazteen emantzipazio beharrei eta adinekoen bakardade edota etxebizitzako irisgarritasun arazoei aurre egitea.
Kokagunea: Lakizar kalea, 2. (Ugartondo).
Inbertsioa: 2,4 milioi euro (Eusko Jaurlaritzaren 640.000 euroko dirulaguntza).
Etxebizitza kopurua: 16.
Etxebizitza mota: Udalaren jabetzakoak, alokairu sozialekoak.
Bizilagun kopurua: 16, 13 etxebizitzetan (12 gazte hamar etxebizitzetan eta 4 heldu hiru etxebizitzetan).
Bizilagunak kolektiboka: kolektibo bakoitzarentzat zortzina etxe ziren hasieran.
-Helduen kasuan, sei eskaera izan ziren. Lau onartu zituen udalak. Gainerako laurak erreserban utzi zituen Udalak. Haietatik bat gazteen kolektiboari eskaini zitzaion. Gerora, baja bat egon zen eta hau ere gazteen kolektiboari eskaini zitzaion. Beste hiru etxebizitza erreserban daude. Hilabeteko epea zabalduko du udalak (maiatzak 9-ekainak 10, udal erregistroan) adinekoen artean, hiru bizilekuok betetzeko izen-emateko.
-Gazteentzat zortzi etxe izan ziren eta hasieratik bete ziren. 

Espazio pribatuak:
-Logela bakarreko 12 etxebizitza eta biko beste lau.
-Etxebizitza bakoitzak egongela, sukaldea, komuna eta logela(k) d(it)u.

Espazio publikoak:
Terrazak, portxea sarreran, garbigailuak, biltegiak, sukaldea, jantokia, egongela, erabilera anitzeko gela Txirikordatik landu nahi diren balioak gizarteratzeko (bai bizilagunen komunitatearentzat nahiz herriarentzat zabalik).

Esleipena:
-Gazteen kasuan: zozketa bidez esleitu ziren etxebizitzak gehienez 5 urterako. Izena emateko ezin zuten etxebizitzarik jabetzan izan. 
-65 urtetik gorakoen kasuan: gizarte zerbitzuek eskatzaileen beharrak neurtzeko baremazioa egin zuten. Kontuan hartu zuten bakarrik bizi den, etxearen egoera, egoera ekonomikoa, mendekotasunik baduen... 5 urtekoa izango da etxebizitzen esleipena, baina luzagarria, "etxea esleitu uneko egoerak bere horretan jarraitu eta bertan bizitzen jarraitu nahi bada". Kasu honetan, helduen aurreko bizilekua parke publikora bideratzea eskatu zaie. 
-Alokairua: errenta diru-sarrera guztien %15 izango da, hilero 90-300 euroko artekoa. Ordainketa bi modulan egingo dute: dirutan eta 8 orduko lan komunitarioa eginda, Txirikordak sortutako ordu bankuaren bidez.

Mugarriak:
-2019: Txirikordaren aspektu sozialak eta hirigintzari lotutakoak definitzeko parte hartze prozesua egin zuten, egitasmo honetan inplikaturiko bi kolektiboekin.
-2022/9: Txirikorda jardunaldiak, etxebizitza komunitarioen eta belaunaldi artekoen esperientziak ezagutzeko.
-2022/10/27: Txirikordara sartu eta bertan bizitzeko baldintzen ordenantza onartu zuen udalbatzak.
-2023/05/18: gazteen etxebizitzak esleitzeko zozketa egin zuten Potxoenean. Helduenak, gizarte langileen baremazio bidez esleitu ziren.
-2023/10/26: urtebete lehenago onartutako ordenantzan esleipendunek adostutako elkarbizitza arauak txertatu zituzten. Urtarrilaren 4an behin betiko onartu zuten.

Informazio gehiagorako: usurbil.eus/txirikorda .
Sustatzailea: Usurbilgo Udala.