Gaur ere abisu horian prezipitazio handiagatik

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 13a, 08:04

Larunbatean gertatu moduan, abisu horia ezarri dute astelehen arratsaldeko 18:00etan hasi eta gauerdira arte prezipitazio handiagatik.

Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, abisu horia indarrean izango da astelehen arratsaldeko 18:00etan hasi eta gauerdira arte. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak botako ditu, eta baliteke zenbait tokitan handiak eta trumoitsuak izatea", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Iragarpen honekin, gaur (maiatzak 13) Usurbilen, "goizean zerua hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin; hego-haizea ibili eta ateri eutsiko dio. Arratsaldean haizea ipar-mendebaldera aldatuko da, bolada gogorrekin, eta hodei trinkoagoak agertuko dira. Arratsalde-gau partean zaparradak botako ditu. Tenperatura maximoak asko igoko dira".

Bihar, hilak 14, "zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du, batez ere goizaldean egunaren bigarren partean. Mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean ipar-mendebaldekoa nagusi. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak asko jaitsiko dira".

Asteazkenean, maiatzaren 15ean, "zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du. Goizean goiz hego-haizea ibiliko da, eguerditik aurrera iparraldekoa. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira, maximoetan aldaketarik ez".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.