Bi ibilaldietan parte hartzeko gonbita aste honetarako

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 13a, 09:23

Batetik, "Goazen kalera!" astearteroko dinamikari segida emango diote bihar, hilak 14. Bestalde, familientzako orientazio ibilbidea antolatu dute larunbaterako, hilak 18 Txokoalden.

Tipi-tapa oinez ibiltzeko gonbita bikoitza abiatu berri dugun aste honetarako. Datorren larunbatean, maiatzaren 18an, familientzako orientazio ibilaldia antolatu dute, arratsaldean, 16:30-18:00 artean. Udarregi ikastolako Kanpo Espazio Taldeak eta GOT-ek iragarritako hitzordua HH eta LHko familiei zuzendua egongo da. Txokoaldeko Irisasi baserri paretik abiatuko da ekimena. Antolatzaileek lokatzetan ibiltzeko moduko oinetakoak, ura eta iparrorratza izanez gero hori ere bai eramatea eskatu dute. Ekimenerako izena esteka honetan eman dezakezue: familientzako orientazio ibilbidea

"Goazen, kalera"
Dakizuenez, ariketa fisikoa komunitatean egiteko ohitura sustatzen du Usurbilgo Udalak eragile gehiagorekin lankidetzan antolaturiko egitasmo honek, asteartero egiten duten ibilaldiarekin. Iragan astean Santuenean barrena ibili ostean, bihar, maiatzaren 14an, berriz ere abiapuntura, Kaxkora itzuliko da ekimena. Goizeko 10:00etan frontoitik abiatuta, ordubete pasatxo inguruko itzulia egin eta Oinarrizko Lanbide Heziketako sukaldaritzari lotutako zikloan ikasten ari direnek prestatutako hamaiketako goxoa dastatu ahalko dute parte hartzaileek. Gogoan izan, herritar orok parte har dezake hitzordu honetan. Ez da aurrez izena eman beharrik.


"Usurbil, goazen Kalera"
Maiztasuna: astean behin.
Noiz: asteartero.
Ordutegia: 10:00-11:30.
Abiapuntua eta helmuga: tokian tokiko frontoia. 
Iraupena: momentuz, ekaina amaiera arte, irailean segida eman asmo diote.
Egutegia: maiatzaren 14an Usurbilgo Kaxkoan, maiatzaren 21ean Usurbilgo Kaxkoan (ekintza berezia), ekainaren 4an Zubietan, ekainaren 18an Usurbilgo Kaxkoan.
Antolatzaileak: Gure Pakea, Gure Elkartea eta Arrate elkarteak, Udarregi ikastola, Aginagako eta Zubietako eskolak, Usurbilgo Udala, Oinarrizko Lanbide Heziketa.