Helduentzako solasaldi filosofikoa ostiralean

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 13a, 08:07

Filosofatzeko, hausnarketarako gune askea eratuko dute datorren ostiral arratsaldeko 18:30etan hasita Potxoenean.

Usurbil udalerri gisa kide duen Oinherri Herri Hezitzaileen Elkartetik eta Jakinmin elkartetik helduentzako solasaldi filosofikoa antolatu dute datorren ostiralerako, maiatzak 17, 18:30-20:00 artean Potxoenean. Gehienez 15 lagunentzako lekua egongo da, Garazi Aizpuruak bideratuko duen saioan. Izena aurrez doan eman ahalko da usurbilkultura.eus plataformaren bidez. Gogoan izan, galdera baten bueltan iritziak trukatzea, inor epaitu gabe filosofatzea da helburua. Hausnarketarako gune askea sustatzen da egitasmo honen bidez. Aurrez egin dituzte saioak iazko ikasturtetik haurrekin baita helduekin ere. Arrakasta ikusita, helduen saioa iragarri dute beste behin hilaren 17rako.



Hausnarketa asketik, kontzienteago bizitzen
Usurbilgo Oinherri herri hezitzaileen saretik eta Jakinmin elkartekoen eskutik, iazko arrakasta ikusita, ikasturte honetan ere filosofatzeko eremua eskainiko diete belaunaldi guztietako herrikideei. Lehenengo saioa, LH6ko gaztetxoekin egin zuten.

Lerrootako elkarrizketan hitza hartu orduko hasi dira filosofatzen; galderak egin, argudioekin erantzunak trukatzen eta erantzunetatik galdera berriak sortu zaizkie. Ez du amaierarik eta gustura ari dira hausnarketa kolektibo eta askean, nahi duena hitza hartzen elkarrizketan eta elkar entzuten. "Egunak ahal dituzu igaro filosofatzen eta lasai, ez zara aspertuko", adierazi digu ondoko argazkian duzuen taldeak, NOAUA!ra etorri diren Udarregi ikastolako LH 6. mailako kideek. Aurreko ikasturtean egin bezala, datozen asteetan Usurbilen gaztetxo nahiz helduentzat antolatu diren saioetara gonbidatu gaituzte.

Euskal Herriko udalerri gehiagorekin batera hain zuzen, Usurbil kide duen Oinherri herri hezitzaileen sareak eta praktika filosofikoa hedatzen eta Haur Filosofia ereduan oinarritutako berrikuntza pedagogikoa sustatzen diharduen Jakinmin elkarteak hausnarketa librerako, elkarrizketarako gunea eskainiko du ikasturte honetan. Lehenengo saioa, LH6koentzat izan zen urriaren 27an. "Edonori zuzendua dago. Ez da filosofiaz jakin behar. Guk filosofatu egiten dugu", adierazi digu LH6koekin batera NOAUA!ra etorri den Jakinmin elkarteko ordezkari Garazi Aizpuruak. Hala gogorarazi digu baita Usurbilgo Oinherri taldeko kide Asier Huegunek ere. "Berezkoa dugu galderak egin eta hausnartzea". Saio hauetan horretan dihardute. 

Bideratzaileak dituzten hitzorduak dira, metodologia baten arabera jorratzen dira. Irudi edo objektu bat baliatzen dute pizgarri gisa eta horren bueltan zenbait galdera proposatzen dituzte, guztion bizitzetako gai ezberdinei lotutakoak. Hor hasten da, etenik ez duen erantzun eta galdera gehiagoren soka luzea. "Galdera horietatik abiatuz elkarrizketatu egiten da", azaldu digu Jakinmin elkarteko ordezkariak. 


Adostasuna baino, arrazoitzea garrantzitsuagoa
Bertaratzen direnen parte hartzea, askea da. "Batzuk hitza hartzen dute, besteak entzutera datoz", adierazi digu Huegunek. Parte hartze modua, beraz, askea da eta ideien elkar trukean ere bada argi utzi nahi duten kontu bat. "Ideiak dira zalantzan jartzen direnak, ez inoiz pertsonak. Pertsona da errespetatzen dena, agian ideia da auzitan jartzen dena", nabarmendu du Aizpuruak. Ildo horretan zehaztu duenez, "askotan esaten da ez nago zurekin ados, baina ez da zurekin, zuk adierazitako ideiarekin baizik".

Talde mailan egiten den hausnarketak ez du adostasuna helburu. "Hemen adostasuna ez da garrantzitsuena, arrazoitzen jakitea baizik, zergatiak bilatu, nork bere argudioak eman, besteak entzutea", Jakinmin elkartekoak gaineratu duenez. Bide horretan, gerta liteke, saio hasieran norberak duen ikuspegia sendotzea, bere horretan mantentzea edo auzitan jarri eta aldaraztea". Ildo horretan, sarritan garrantzitsuena emaitzetan edo erantzunetan egon daitekeela uste izan arren, ez da hala. "Agian erantzunetan baino galderetan dago gakoa", Aizpuruak nabarmendu duenez. 

Hausnarketak amaierarik ez
Jardun horretan trebatzean datza filosofatzeak, egunerokoan ontzat ematen dugun horri buruz galdetzea. "Galdera da bidea irekitzen duena. Horretarako daude bideratzaileak, galdera horrekin asmatzeko, errespetuzko ingurunea bermatzeko. Kolektiboki laguntzen du zure galderaren bidez besteena entzuten, zu ere sakontzen zoaz. Saioa amaituta, galdera gehiagorekin joaten zara, baina bilkuran zehar, zure pentsamendua sakontzen joan da modu kolektiboan. Ikusten duzu zure ikuspegia bestearenaren kontrajarria izan daitekeela, baina bestearenak baduela lehen pentsatzen ez zenuen zerbait edo ekarpenen bat. Hori oso aberatsa da", azaldu du Huegunek.

Izan ere, hausnarketa prozesu honek ez du amaierarik izaten. Saio hauei amaiera ematen zaie "baina elkarrizketa ez dela bukatu esaten diet beti", Aizpuruaren esanetan. 


"Mugiarazten gaituzten galderak izan behar dute"
Ezohiko ariketa da, izan ere gizakiok berezkoa dugun gaitasun honi ez diogu sarritan tarterik ematen egunerokoan. "Ez dugu hartzen denbora daramagun bizi erritmoagatik eta askotan gauzak zalantzan jartzeak eragiten digun deserosotasunagatik", Jakinmin-eko kideak adierazi duenez. Aldiz, gogorarazten digutenez, oso onuragarria da jendartean filosofatzea. "Batez ere, hausnarketak geure bizitza kontzienteki bizitzea eragiten du, jabetzea gauzak hauek ditudala neure inguruan, zertan ari naizen, zer aukeratzen dudan. Haurtzaroan kontzientzia hori hartzen joateak helduak garenerako asko laguntzen du", Jakinmin elkarteko kidearen ustez. 

Argi diote, "beti dago zerbait eransteko", izan ere, "beti daude ikuspegi ezberdinak". Denetariko iritziek ez dute zertan adostasunaren bueltan bat egin beharrik, baina LH6ko ikasleok azaldu digutenez, "bi iritzi ezberdin elkarrekin uztartu daitezke. Batek modu batera pentsa dezake, besteak beste era batean. Ez du bietako batek arrazoia. Bi iritziak izan daitezke zuzenak agian".

Edo gehiagorenak. Dinamizazio lanetan aritua da Huegun. Erantzun guztiak bai, balekoak izan daitezke, baina garrantzitsuena dinamika hauetan proposatzen diren galderak dira eta hauek ez, edozein galdera ez da filosofatzeko modukoa. "Mugiarazten gaituzten galderak izan behar dute. Galdera oro ez da filosofikoa". Ildo beretik, Aizpuruak nabarmendu duenez, "sakontzeko galderak izan behar dute".


"Eta haurrek gurasoak zigortuko balituzte?"
Hala atera izan dira, denok zeresana dugun gaiei buruzko hausnarketak; laguntasuna, maitasuna, zigorrak zer diren, zer den normala izatea eta zer ez. "Ez dugu denbora hartzen, esaterako, laguntasunaz hitz egiteko; zer den laguna izatea, zer den lagun on edo txar bat. Berdina da ezagun bat edo lagun bat izatea? Presente ditugun gaiak dira baina askotan ez da horri buruz hausnartzeko denbora hori hartzen", Aizpuruaren esanetan.

Aurreko ikasturteko saioan Oinherriko kideak zioenez, "haurrekin sekulako galderak atera ziren; zer den normala izatea, edo zer ez. Zigorraren gaia aipatu genien, zergatik zigortu edo ez. Justiziaren gaia zegoen atzean". Laguntasuna ere hizpide gisa hartu izan dute edota gurasotasuna. LH5koekin eginiko saio batean ateran zen galderetako bat izan zen, "eta haurrek gurasoak zigortuko balituzte? Haur batzuk hori ezinezkotzat jotzen zuten, baina astebetez probatuko bagenu? galdetzen zuen batek". Bistan denez, Huegunen esanetan, norbera bere ohiko posizionamendutik ateratzeko oso lagungarriak dira saio hauek, "beste toki batera joateko, erantzunen mailan aukerak zabaltzeko, ikuspegia aldatzeko". Argi diote, haurren artean filosofatzeko bideratzen duten bilgune hau "gogoeta eta pentsamendu kritikoa garatzeko sekulako bitartekoa" da. 


"Dena ahal da zalantzan jarri"
Arrakasta itzela izan dute ekimenok beste herri batzuetan. Usurbilen Oinherri taldea osatu zenean, esperientzia hauen berri jaso eta Usurbila egitasmo hau ekarri nahi izan zuten. "Jakinmin elkartekoekin jarri ginen harremanetan eta Oinherriko zenbait kide formatu ginen", azaldu digu Huegunek. Aipatu moduan, aurreko ikasturtean "modu esperimentalean jarri genuen martxan egitasmoa Usurbilen". Emaitza begi bistakoa izan da, "arrakasta izan zuen. Hemen sendotzeko bidean da", aurreikusi du Oinherriren ordezkariak.

Lagungarria dela ezin auzitan jarri, ikusi besterik ez da bestela NOAUA!n batu den LH6ko taldea. Esperientzia hauetan parte hartu eta zer ikasia izan dute baita. "Dena ahal da zalantzan jarri. Hasieran zerbait oso segurutzat jo arren, norbaitek beste zerbait esan eta zalantzan jartzen duzu", adierazi digute. Filosofatzea lagunartera zabaldu dutela ere aipatu digute. "Lagunartean normalean asko hitz egiten dugu", adierazi digute. 

Eremu horretan aldaketarik eragin ote duen galdetuta, baietz erantzun digute. "Noizbehinka beste batzuk hitz egitean zergatik ez?" galdetzea esaterako. Galdera horrek beste batzuei bide ematen die. "Galderen eta zalantzen bitartez izugarri ikasi daiteke, beste era batera. Agian ez gaude horretara ohituak".