Joan Mari Torrealdairen doktore tesia aurkezteko jardunaldia egin dute

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 14a, 09:24

"La censura gobernativa y el libro vasco 1936-1983, análisis de los informes del lectorado" izeneko doktore tesia aurkeztu dute Deustuko Unibertsitateak, EHU-k eta Jakin Fundazioak gaurko antolaturiko jardunaldian. Hitzordua zuzenean eskaini dute albiste honi atxikitako Youtubeko helbidearen bidez.

Zentsuraz jardun dute astearte honetan, maiatzaren 14an, Deustuko Unibertsitateak Donostan duen campusean. Jardunaldi horren erdigunean, 2020ko udan zendutako Joan Mari Torrealdai kokatu dute. Izan ere, berak "1991ean defendatutako “La censura gubernativa y el libro vasco, 1936-1983. Análisis de los informes del Lectorado” doktorego tesiaren liburua" aurkeztu dute hitzordu horretan.

Unibertsitatetik zehaztu dutenez, "Joan Mari Torrealdai Nabeak 1991n Deustuko Unibertsitatean irakurritako doktorego tesia jasotzen du liburu honek. Frankismo garaian euskal liburuak jasandako zentsuraren gorabeherak aztertzen ditu, euskarazko liburua zein euskal gaiei buruzkoa aintzat hartuta, aldi hartako liburu eta hizkuntz politikaren muineraino sartuz".

Zentsuraz
Liburu aurkezpen hau baliatuta, zentsura hizpide zuen jardunaldia egin dute. "Joan Mari Torrealdairen ekarpenaz eta haren doktore tesiaz aritzekoak ziren; tartean, Lorea Agirre Jakineko zuzendaria eta Xabier Eizagirre erredakzio burua; eta zentsurari eta Torrealdairen lanari buruz Josu Bijuesca, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzietako Fakultateko irakasle-ikertzailea, eta Mari Jose Olaziregi, EHUko MHLI Ikertaldeko zuzendaria eta EHUko katedraduna. Azken bi hauek hitzaldi bana eskaini dute: «Zentsurari buruzko jakin-minaz harago: Torrealdairen ikerketa lana konpromisoaren zerbitzura» eta «MHLI Ikertaldea: zentsura eta euskal edizioari buruzko ikerketak Torrealdairen ildoan hitzaldia», hurrenez hurren". 

Hitzordua hain zuzen, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak, Euskal Herriko Unibertsitateko MHLI ikerketa taldeak eta Jakin Fundazioak antolatu dute elkarlanean.

Astearte honetan egin dute jardunaldi hau, maiatzaren 14an, goizeko 11:00etan hasita Deustuko Unibertsitateak Donostian duen campuseko Gradu Aretoan (Mundaiz bidea, 50). Jardunaldi hau zuzenean jarraitu ahal izan da streaming bidez, youtube.com atarian. Bestalde, lerrootan mintzagai izan dugun Torrealdairen doktorego tesia osorik irakur dezakezue jakin.eus atarian.