Etxekoen txanda. Oraingoan, herrikide baten sorkuntza lan berriaren aurkezpenaren lekukoak izango gara Sutegi udal liburutegian. Izan ere, berriki plazaratu duen “Mikroipuinak” liburua aurkeztuko du Idoia Torregarai herrikideak eta NOAUA! K.E.-ko lehendakariak. "Bidaia horren nondik norakoak kontatuko ditu usurbildarrak", udal liburutegitik aurreratu dutenez.
Martxoa hasieran aurkeztu zuen bere estreinako argitalpena Torregaraik. 150 ipuin labur jaso ditu eta horietako asko Zaldieroa marrazkilariak ilustratu ditu. Gaiak gertukoak dira, egunerokotasunari lotuta daudenak. "Zorroztasuna, irudimena, ezustea eta umorea dira istorio txiki baina piperdun hauen ezaugarriak, Zaldieroaren esku fin eta zoroak jantziak eta edertuak", liburuaren kontrazalak dioen moduan.
Twitterren magiari esker hasi ziren bien sormen-lanak gurutzatzen. Sare sozial hau hain zuzen, pizgarri ederra izan da usurbildar umoregilearentzat. Duela dozena bat urte hasi zen bertan idazten. “Oso toki interesgarria topatu nuen. Komunitate bat, ‘Txio-herria’ bezala ere ezaguna dena. Garai hartan 140 karakteretan zegoen muga eta nire sormena bideratzeko toki egokia topatu nuen”. Idoia Torregaraik gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, “Twitterrek halako eskape bat ematen zidan nire burutazioak plazaratzeko”. Kazetaria izanik gainera, “mundua titularretan ikusteko joerak asko lagundu zidan istorio txikiak idazteko garaian”.
Xehetasun gehiago eskainiko ditu asteazken arratsalde honetan, maiatzaren 15ean, Sutegi udal liburutegian.
Sutegi liburutegira datozen ekintzak
Maiatzak 15, asteazkena
19:00 Idoia Torregarai Martija herrikidearen “Mikroipuinak” liburuaren aurkezpena.
Zehaztasunak: "Idoia Torregarai Martijaren eskutik; MIKROIPUINAK liburua argitaratu berri du eta bidaia horren nondik norakoak kontatuko ditu usurbildarrak".
Maiatzak 29, asteazkena
18:30 "Memoria berriak" idazketa-tailerra Yolanda Arrietarekin.
Zehaztasunak: "Usurbilgo Kultura Sailak ematen duen Sormen beka baliatuz, Yolanda Arrietak IDAZKETA TAILERRA eskaini nahi du maiatzaren 29an (asteazkena) eta/edo ekainaren 11n (asteartea)".
Izen-ematea: liburutegian bertan edo biblioteka@usurbil.eus
Ekainak 4, asteartea
19:00 Gaztelerazko solasaldia Ana Merinoren gidaritzapean, Javier Cercasen "El Móvil" liburuari buruz. Aleak eskuragarri liburutegian.
Ekainak 7, ostirala
"Denok Superheroi" sormen tailerra Zorione Mendezen eskutik. 8-10 urte arteko haurrei zuzendua. Izena aurrez eman beharko da liburutegiak. Plaza kopurua mugatua.
Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.