Adi, astearte gau honetan N634 errepidea baliatu behar duzuenoi. Izan ere, N634 errepidea itxi egingo dute astearte gau honetan, 22:00etan hasi eta asteazken goizaldeko 5:00ak arte. Herri erdigunerantz jotzeko dauden bi sarbide nagusien arteko bide-zatia izango da itxiko dutena; hain zuzen, Oxtapen hasi eta Atxega jauregi parera arteko bide-zatia. Hala jakinarazi dute Usurbilgo Udaletik.
Honenbestez, N634 errepidea baliatu behar duzuenok, Kaxko barruko bideak baliatu beharko dituzue. Aginaga aldetik datorrenak edota Usurbildik irten nahi duenak San Inazio pareko irteeratik atera beharko du, Kaxkora sartu eta gero, Bizkarren dagoen sarbidetik berriro errepidera itzuli. Txikierdi aldetik datorrenak edota Usurbildik Aginaga alderantz jo nahi duenak, Oxtapen herri barrura sartu beharko du eta Atxegalde parean berriro sartu N634an.
Segidan duzue Udalak zabaldu duen irudia. Bertan, marra urdinarekin ageri zaizue Txikierdi aldera jo nahi duenak egin beharko duen bidea; gorriz, Aginaga aldera joateko egin beharko dena; eta, azkenik, morez itxita egongo den N634 errepideko bide-zatia.
Kontuan izan baita, bestalde, ate joka dugula usurbildarren urteko festa egun estimatuena; 41. Sagardo Eguna. Igande honetan, maiatzaren 19an ospatuko da. Jaialdi hau tarteko, ohiko moduan, ibilgailuen joan etorria mugatu egingo da Kaxkoan betiko tokietan. Adi, baita, Lurraldebusek udaletxe ondoko geltokia ezabatu egiten du urtero. San Inaziokoa izaten da norabide guztietarako autobusen geltoki nagusia.