#E9

Europako hauteskunde egunerako mahaikideak hautatuak, jakinarazpenak egunotan

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 14a, 10:04

Astearte goiz honetan eginiko ezohiko osoko bilkuran zozketa bidez hautatu dituzte, ekainaren 9ko Europako hauteskundeetarako mahaikideak. Egunotan helaraziko ditu jakinarazpenak Udalak udaltzaingoaren bidez.

Hautatu dituzte. Erabaki dute nortzuk lan egin beharko duten ekainaren 9rako deituak dauden Europako hauteskunde egunean. Hauteslekuak osatzeko ezinbestekoak diren lehendakariak, bokalak eta haien ordezkoak hautatu ditu udalbatzak astearte goiz honetan, maiatzaren 14an, egindako ezohiko osoko bilkuran. Udalbatzarra bera hain zuzen, horretarako baino ez dute deitu. Eguneko gai-zerrendako aztergai bakar hau izan dute. Baina deitu beharra zuten osoko bilkura hau. Izan ere, maiatzaren 15a baino lehen egin beharrak baitituzte zozketa hauek udal guztiek.

Hautatuak izan diren mahaikideei udaltzainen eskutik helduko zaie jakinarazpena egunotan, hilaren 18ra arteko epea du finkatua egutegi ofizialak zeregin horretarako. Guztira, 72 izan dira hautatu dituzten herrikideak, zortzi baitira Usurbilgo udalerrian osatuko diren hauteslekuak (bederatzigarrena Donostia aldean bizi diren zubietarrek osatuko dute). Lehendakariak eta bi bokalek osatuko dute mahai bakoitza. Haietako bakoitzak bi ordezko izango ditu. Honenbestez, bederatzi herrikide hautatu dituzte gaur mahai bakoitzerako. 

Donostiako Udalak Usurbilgoak baino lehen egin zuen mahaikideak hautatzeko zozketa, iragan ostiralean, maiatzaren 10ean. Besteak beste, Zubietako mahaietako bat osatzeko kideak hautatu zituzten. Izan ere, bi hautesleku izaten ditu Zubietak hauteskundeetan; bat, Lanbide Eskolan kokatzen dutena, Usurbil aldean bizi direnentzat. Kasu honetan, mahai hau osatzeko kideak Usurbilgo Udalak hautatzen ditu (gaur erabaki dute, ekainaren 9ko deialdirako kideak nortzuk izango diren). Bigarren hautesleku bat ere izaten du Zubietak, herri eskolan kokaturikoa, Donostia aldean bizi direnentzat. Mahai hau osatzeko kideak Donostiako Udalak erabakitzen ditu zozketa bidez. Aipatu moduan, iragan ostiralean egin zuten aukeraketa. Emaitzak online kontsulta daitezke donostia.eus atarian.

Alegazioak
Mahaikide izatea egokitu zaionak alegazioa aurkeztu nahi badu, online egin ahalko du helbide honetan: https://www.mesaselectorales.es/web-excusas-form/#/login

Bestela, Donostialdeko Hauteskunde Batzordera jo beharko du; Donostiako Atotxara, Teresa de Calcuta plaza, 1, helbidera. Ordutegi honetan izango da zabalik: astelehenetik ostiralera: 9:00-14:00 / 15:00-17:00 (larunbatetan, 10:00-13:00 artean).

Bideotatik ere jar zaitezkete harremanetan: 
Telefonoa: 943 000 728 / Faxa: 943 000 702
E-posta: alegaciones-JuntaElectoral-Donostia@justizia.eus

Posta bidezko botoa
Gogoan izan, bestalde, zabalik segiko duela posta bidez botoa ematea eskatzeko epealdiak, maiatzaren 30era arte. Modu honetan bozkatzea erabakitzen dutenak, maiatzaren 20tik aurrera hasiko dira dokumentazioa jasotzen. Jaso ahala, botoa emateko aukera izango dute tramitazio hau egoki bideratu dutenek. Berez, ekainaren 5era arteko tartea zehaztu zuten botoa modu horretan emateko. Baina Hauteskunde Batzorde Zentralak epealdi hau egun bat luzatzea erabaki du, hilaren 6ra arte, beraz. 

Honatx, ekainaren 9ko Europako hauteskundeei begira kontuan hartu beharreko data hauek:
-Apirilak 16-maiatzak 30: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera.
-Maiatzak 18ra arte: mahaikideak hautatzeko zozketa egin ostean, maiatzaren 18ra arte jakinarazpenak heltzeko tartea.
-Maiatzak 20-ekainak 2: posta bidez botoa ematea eskatu dutenek beharrezko dokumentazioa jasoko dute.
-Maiatzak 24-ekainak 7: hauteskunde kanpaina.
-Ekainaren 6ra arte: posta bidez botoa emateko aukera.
-Ekainak 8: hausnarketa eguna.
-Ekainak 9: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.

Informazio gehiago, jada martxan dagoen https://info.eleccioneseuropeas2024.es/eu/ atarian jaso dezakezue.