Herriko ura ia herri erdigune osoan eskuragarri, maiatzaren 20tik aurrera

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 14a, 11:46

Maiatzaren 20tik aurrera, %40tik %62ra igaroko da herriko ur hornidurak izango duen hedadura Usurbilen. Ia Kaxko osoan edan ahalko da Andatzatik datorren ura. Ur sistemaren instalakuntzak ezagutzeko bisita gidatuak iragarri ditu Usurbilgo Udalak.

Andatzatik behera datorren ura herriko txoko gehiagotara helduko da maiatzaren 20tik aurrera. Izan ere, "herriko ura Kale Nagusitik harago iritsiko" dela iragarri du Usurbilgo Udalak. "Herriko etxebizitzen %62 herriko urarekin hornituko da (lehengo %40aren aurrean)", ia Kaxko osoa, Kalezar izan ezik. Orain arte "Erroizpen dauden hiru iturburuen bidez Usurbilgo etxeen %40 hornitzen zen (Zubieta, Aginaga, Santuenea, Txokoalde, Urdaiaga eta, kaxkoan, Kale Nagusitik beherako zatia)". Aurrerantzean, herriko uraren hornidura ia Kaxko osora hedatzeko otsailean ekin zien obrei Udalak. 894.125 euroko inbertsioa izan da. "Nagusiki, hiru lan egin dira. Batetik, San Esteban 1 deposituan (parke azpian dagoena) filtro berriak jarri dira, Erroizpeko iturburuetako ura ez ezik presako ura ere baliatu ahal izateko. Era berean, telekontrol sistema berria jarri da, Europako Batasuneko Next Generation funtsetatik bultzatutako PERTE dirulaguntza baliatuta. Horrez gain, Erroizpeko iturburuak eta San Esteban 1 depositua lotzen dituen hodia berritu da: jatorrizko proiektua filtroak aldatzeko idatzi zen, baina obrak egingo zirela aprobetxatuz, hodia ere aldatzea erabaki zen, berritzeko zuen premia ikusita", azaldu dute Udaletik. 

Horregatik, "filtrazio sisteman egin den inbertsio honi esker, Erroizpeko hiru iturburuetako ura ez ezik presako ura ere baliatzeko aukera izango da: segundoko 11 litro ordez, 86 litro erabili ahal izango dira, eta horrek ahalbidetuko du, beraz, etxe gehiagotara iritsi ahal izatea".

Hiru fase
Hiru fasetan bideratuko du Udalak herriko ur horniduraren hedapen prozesu hau. Urte hasieratik "ura obren aurreko mailaraino eramatea" izan da Udalaren helburua, "hau da, lehen bezala, herriko ura banatzea Zubieta, Aginaga, Santuenea, Txokoalde, Urdaiaga eta, kaxkoan, Kale Nagusitik beherako zatira". Maiatzaren 20tik aurrera, bigarren fasea abiaraziko dute; "herriko urak Kale Nagusia gainditu eta kaxkoko etxebizitza guztietara eramandakoan, Ugartondoraino". Azkena, "dena ondo bidean, herriko ura ia Kalezar osoraino eramatea" da asmoa, hartara herri ura etxebizitzen %80ra helduko litzateke. "Añarbeko urarekin hornituko liratekeen guneak soilik Kalezarren goiko zatia eta Txikierdi-Urbil ingurua lirateke". Orain arte bezala, aurrerantzean ere ur sistema etengabe aztertzen segiko du Udalak, ur hornidura bermatua egon dadin. Hala, "herriko urarekin hornitzen ez diren etxebizitzetan Añarbeko Txalin eta Larbain deposituetatik jasotzen den ura eramaten jarraituko da". Lehorterik balego, bestalde, "udalak beti izango luke Añarbeko ura banatzeko aukera". Udalaren asmoa argia da. “Udalak beti egin izan du ur propioaren aldeko apustua, eta horretan jarraituko dugu: gure herriaren ondare, ondasun eta altxor preziatua den ura zaintzen eta babesten jarraitu dezagun”, nabarmendu du Ainhoa Arrozpide Ingurumen zinegotziak.

Bi bisita gidatuak
Aipaturiko berrikuntzok eta herri honen ur sistema ezagutzeko aukera izango dute herrikideek. Udalak hitzordu bana iragarri du maiatzaren 24an (17:00-19:00) eta hilaren 25ean (10:00-12:00). "Bisitak Erroizpen hasi eta San Esteban I deposituan amaituko dira: udaleko ordezkari politiko zein teknikoek emango dituzte azalpenak, eta, guztira, bi ordu inguruko saioak izango dira" zehaztu dute. Bi saiootarako Txokoaldeko Txokoargi auzo elkartearen ondoko aparkalekuan finkatuko da elkarrekin abiatzeko hitzordua. Bi txango hauetarako izena aurrez eman beharko da usurbilkultura.eus plataforman.