"Johann Sebastian Bach” omentzeko organo kontzertua ostiralean

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 14a, 08:01

"Johann Sebastian Bach” omentzeko Donostia Musikak antolaturiko Organorako Zikloaren baitako kontzertuetako bat Usurbilen izango da maiatzaren 17an. 

Gipuzkoako Organoak Plazara zikloaren ostean, herrialde mailako “Johann Sebastian Bach zikloa" antolatu du Donostia Musikak, musikari alemaniarraren sorkuntza lan esanguratsuenak ezagutzera emateko. Guztira lau ziklo iragarri dituzte eta haietako bat, “Organorako Zikloak” ekimenaren baitako kontzertuetako bat ostiralean, maiatzaren 17an, 19:30etan Salbatore elizan egingo da. Thomas Ospitalek eskainiko du.

Munduan zehar organo-jole
"Thomas Ospital, iparraldekoa bera, Pariseko Saint-Eustache elizako organo handiaren titularra da. 2016-2019 urteetan Radio France etxeak Gerhard Grenzing-ek egindako organo berriaren lehenengo organista titularra izateko gonbidatu zuen. Mundu osoan egon izan da bakarlari zein orkestrekin organoa jotzen", Bizkaiko Organoren Lagunak Elkargunetik azaldu dutenez. "Bi disko grabatu ditu, bata Liszten lanekin eta bestea Bachen eta Thierri Escaichen obrekin".

Horrez gain, "2017az geroztik, Parisko Goi Mailako Musika Kontserbatorio Nazionaleko teklatuko musikarako harmonia irakaslea da". 

Musika ikasketak "Baionako kontserbatorioan hasi zituen Esteban Landart maisuarekin. Pariseko Goi Mailako Musika Kontserbatorio Nazionalean jarraitu zituen bere musika ikasketak Olivier Latry, Michel Bouvard, Thierry Escaich, Philippe Lefebvre, Laszo Fassang, Isabelle Duha, Pierre Pincemaille eta Jean-François Zygel maisuekin, besteak beste".

Hainbat sari jasotakoa da; "nost Lehen Sari jaso zituen organo, inprobisazio, harmonia, kontrapuntu eta fuga alorretan. Nazioarteko hainbat lehiaketatan sari ugari jaso ditu, besteak beste, Zaragozan, Chartres-en, Tolouse-n eta Angers-en".