#E9

Aurkezturikoak baino sei hautagai-zerrenda gutxiago onartu ditu Hauteskunde Batzorde Zentralak

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 15a, 09:35

39 izan ziren ekainaren 9ko Europako hauteskundeetara aurkezturiko hautagai-zerrendak. 33 onartu eta aldarrikatu ditu azkenean, Hauteskunde Batzorde Zentralak.

Aurkezturikoak baino sei hautagai-zerrenda gutxiago lehiatuko dira azkenean, ekainaren 9rako deituak dauden Europako Parlamentua berritzeko hauteskundeetan, Hauteskunde Batzorde Zentralak, astearte honetako, maiatzaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez.

39 izan ziren deialdi honetara aurkeztu zirenak, maiatzaren 8ko Estatuko Aldizkari Ofizialean aipatu Hauteskunde Batzorde Zentralak berri eman zuenez. Aldiz, aipatu moduan, azkenean, 33 izan dira onetsi eta aldarrikatu dituenak. Honako hauek: Izquierda Española (IZQESP), Coalición Por Una Europa Solidaria (CEUS), EAJ-Europa Solidarioaren Aldeko koalizioa, Frente Obrero (FO), EHBildu-Orain Errepublikak, Junts i Lliures per Europa (JUNTS UE), PSOE, Ahora Andalucía (Andalucistas), Iustitia Europa (IE), VOX, PP, Escaños En Blanco Para Dejar Escaños Vacíos (Escaños En  Blanco), Corriente Revolucionaria De Los Trabajadores (CRT), Podemos, Feministas Al Congreso (PFAC), Partido Comunista De Los Trabajadores De España (PCTE), Coalición Partido Comunista De Los Pueblos De España/Partit Comunista Del Poble De Catalunya (PCPE/PCPC), Sumar, Partido Animalista Con El Medio Ambiente (PACMA), Cree En Europa, Pas I Moviment Rural (PMR), Agrupación de electores "Se Acabó La Fiesta", Futuro (F), La España Olvidada Existe-Municipalistas-Mundo Justo (Existe), Ciudadanos-Partido de la Ciudadanía (Cs), Falange Española de las J.O.N.S. (FE de las JONS), Soberanía Alimentaria Española (SAE), Juntos Por Extremadura (J.U.E.X.), Partido Humanista (PH), VOLT España (VOLT), Recortes Cero, Extremeños Prex Crex (Extremeños), Partido Galego (GLG) eta Piratak-Aliantza Errebeldea-European Pirates (Piratas/Rebeldes).

Deialdi honetara aurkeztu baina zerrenda horretatik kanpo geratu dira hautagai-zerrenda hauek: Salamanca-Zamora-León Prepal, Partido Libertario (P-LIB), Espacio Amplio Paz Soberanía República (Paz Soberanía República); FIEL (FIEL); Izquierda por España (IZQP-Unidos-DEf); eta Nuevo Extremeñismo-Adelante Extremadura (NEX).


Barruti bakarra
720 diputatuek osatuko dute Europako Parlamentua, aurreko legealdietan baino 15 ordezkari gehiago izango ditu. Haietatik 61 espainiar estatuari dagozkio.

Gainerako udal eta foru hauteskundeekin, berriki izandako Eusko Legebiltzarra berritzekoekin edota Espainiako Gorteei lotuta izaten diren bozketekin alderatuta, Europakoek berezitasun bat badute. Izan ere, hauteskunde barruti bakarra egongo da deialdi honetan, estatu mailakoa; hau da, boto eskubidea izango duten herritarrek hautagai-zerrenda berdinak aukeratu ahalko dituzte estatu osoan. Desberdintasunik egongo da halere; hautagai-zerrenda berak autonomia erkidegoetan zerrenda eta izen berezituekin aurkeztu ahalko dira eta.

Koalizioan
Ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeetarako 33 hautagai-zerrenda aurkeztu dituzte aipatu moduan. Haietatik, Usurbilgo Udalean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten edo izan dutenen zerrendei erreparatuz gero, bada berezitasunik. Izan ere, aurreko deialdietan gertatu moduan, EHBildu eta EAJ alderdi gehiagorekin batera koalizio baten izenean aurkeztu dira. EAJ "Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioa"ren izenpean Coalición Canaria, Geroa Bai edota El Pi-Proposta per les Illes Balears-rekin. EHBildu "Orain Errepublikak" izenarekin, ERC, BNG eta Ara Més-ekin. Gainerakoan, PSOE, PP, Sumar eta Podemosek zerrenda bakarra aurkeztu dute estatu osorako.


Egutegia
Honatx, ekainaren 9ko Europako hauteskundeei begira kontuan hartu beharreko data hauek:
-Maiatzaren 18ra arte: mahaikideak hautatzeko hilaren 14an Udalak eginiko zozketan hautaturikoei jakinazpena helaraztea.
-Maiatzaren 30era arte: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera.
-Maiatzak 20-ekainak 2: posta bidez botoa ematea eskatu dutenek beharrezko dokumentazioa jasoko dute.
-Maiatzak 24-ekainak 7: hauteskunde kanpaina.
-Ekainaren 6ra arte: posta bidez botoa emateko aukera.
-Ekainak 8: hausnarketa eguna.
-Ekainak 9: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.

Informazio gehiago, jada martxan dagoen https://info.eleccioneseuropeas2024.es/eu/ atarian jaso dezakezue.