Buztinzulokoen ikasturte arrakastatsueneko sortze lanen bilduma ikusgai

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 15a, 10:01

Buztinzulo Keramika Taldekoek ikasturtean zehar landu dutena ikusgai jarri dute Sutegiko erakusleihoan.

2023-24 ikasturtea azken txanpara hurbiltzen doala nabari da jada. Izan ere, urtean zehar eginiko lanketen erakusleiho bilakatzen hasia da Sutegi. Buztinzulo Keramika Taldeak azken hilabeteotan bideraturiko sorkuntza lanen bilduma ikusgai jarri du kultur-etxeko aretoan. "Aurtengo deialdia arrakastatsuena eta jendetsuena izan denez, herritarrei erakutsi nahi izan diegu gure hasiberriek egindako lana", nabarmendu dute.

Sutegiko erakusleihora hurbiltzen bazarete, "mota askotako piezak ikusgai dituzue: bizkotxatuak bakarrik izan direnak, esmaltatutakoak, engobeekin margotutakoak...". Maiatzaren 21era arte bisitatu ahalko duzue erakusketa. Sorkuntza lan hauen egileak, berriz, honako hauek izan dira: "Ekhiñe, Kris, Oihane, Maria F., Maddi, Haizea, Inmaculada, Ekhi, Amaia, Joxerra, Eukene, Ane, Ibai, Kristina, Maria M., Karmen, Irati, Xabi eta Almudena".

Ikasturte berrira begira
Sutegiko erakusleihoan duzue ikusgai, aipatu moduan, buztingintzan dihardutenen sortze lanen bilduma. Dagoeneko hiru urteko bidea jorratu dute Buztinzuloko eskolek. Hazten joan dela diote sustatzaileek. "Orain dela hiru urte Buztinzulo Keramika Taldea buztinaren oinarrizko kontzeptuak eta ogibide honen lehenengo kontaktua izateko buztin lantegiak antolatzen hasi zen. Urte osoko lantegiak izan dira, alegia, urina hasi eta maiatzean amaitu. Urtez urte, gure familia handitzen joan da, eta adin zein testuinguru ezberdineko jendearekin maite dugun afizioa partekatzen aritu gara".

Ikasturte honen azken txanpan dira, datorrenera begira jada. Izan ere, 2024-25 denboraldirako izen-emate kanpaina iragarri dute Buztinzulokoek. Irailaren 2tik 16ra bideratuko dute matrikulazioa. Buztinaren jardun nahi dutenek buztinzulo@gmail.com helbidera idatzi beharko dute.