Usurbilgo auzune berrienak ere badu auzo-konposta egitasmoa. Ugartondok berea du jada, Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez. "Udalak iaz egin zuen urbanizazio berrian materia organikoa auzo-konpost gune baten bidez kudeatzeko interesa izan zezaketen herritarrentzako deialdia. Urtebete beranduago, hamabost familiarekin abiatuko dute Ugartondoko auzo-konposta gune berria", iragarri dute Udaletik.
Udaleko Atez Ateko bulegotik, “gutxi batzuentzako” lekua dago oraindik, eta horiek bete arte izena emateko aukera izango da: udaletxeko bulegoan bertan eman daiteke izena, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara".
Bi konposta egitasmo
Gogoan izan, bi direla sortzen dugun organikoa konpost bihurtzeko Udalak abian dituen egitasmoak. Auto-konposta dago batetik, "organikoa norbere lurretan kudeatzea", lur-eremu propioa edota ezagunen batena bailatu dezaketenentzat. Kasu honetan, Udalak uzten du konpostagailua. Norberak kudeatu beharreko ardura honek %40ko deskontua izaten du hondakinen zergaren tarifa finkoan.
Bestea, lerrootan mintzagai duguna, auzo-konposta egitasmoa da, lur-eremu propiorik ez dutenentzat egokia. Izan ere, sortutako organikoa lur publikoetan kokaturiko konpostagailuetan kudeatzeko aukera eskaintzen du. Kasu honetan, kudeaketa lanaren ardura partekatua izaten da. Udalak "lehorkina eman, tenperaturak neurtu eta egindako konposta" ateratzen du. Herritarrak "biohondakina bota eta egoki nahastu", horixe egin behar du. Auto-konpostaren kasuan bezala, egitasmo kolektibo honetan ere, %40ko deskontua aplikatzen zaio hondakinen zergaren tarifa finkoan.
Egitasmookin bat egiten nahi duenak Atez Ateko bulegoan eman behar du izena. Laguntza teknikoa jasoko da. Udaletxean kokaturiko bulego honekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue:
900 776 776 (doan)
606 501 024 (Whatsappa)
Ordutegia: 9:00-14:30 (udaletxean).
atezate@usurbil.eus