Maiatzaren 27tik aurrera

N634 errepidea zeharkatzeko behin-behineko zubi berri bat

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 15a, 10:28

Tren geltoki berriaren eraikuntza lanak tarteko, zubi berria eraikiko dute Etxealdian. Aurretik, ordea, egungoa eraitsi beharra dago. Berria erabiltzeko moduan izan artean, maiatzaren 27tik aurrera eta hamar bat hilabetez, N634 errepidea gainetik zeharkatuko duen behin-behineko zubi berri bat egokituko du Euskal Trenbide Sareak Txaramunto inguruan. Lan hauei ekin dietela berri eman du Usurbilgo Udalak.

San Inazio parean bada zubi historiko bat N634 errepidea gainetik zeharkatzen duena, Atxega jauregi ondokoa hain zuzen. Oxtape aldera begira jarrita, zuzengunearen amaieran da tren geltokia eta handik hurbil, Etxealdiako zubia. Inguru honen itxura erabat aldatuko da aldi baterako. Etxealdia zubirik gabe geratuko da tarte batean, eta Atxegatik gertu beste zubi bat eraikiko dute.

Hala iragarri du Usurbilgo Udalak azken orduotan. Izan ere, dakizuenez, tren geltoki berria eraikitzen ari dira. Hara jaisteko nahiz bertatik Kaxkora igotzeko pasabide estrategikoa izan da eraiki zenetik Etxealdiako zubia. Baina geltokiarekin batera, zubi hau ere berritu egingo dute. Dagoena eraitsi eta berri bat eraikiko dute, egungoa baino altuagoa eta luzeagoa izango da, gainera. Izan ere, egungoak tren geltokira jaistea ahalbidetzen du. Berriak, igogailuen bidez, tren geltoki berriko Orio nahiz Donostia alderanzko pasabideetara jaitsi nahiz igotzea ahalbidetuko du. Baina ez hori bakarrik, zubia Atallu aldera luzatuko baita; hau da, trenbidea gainetik zeharkatuko du eta, beraz, orain arteko pasabide arriskutsua ezabatuko du.

Aldi baterako pasabidea Txaramunton
Zubi berri hau eraikitzeko, aipatu moduan, egungoa eraitsi beharra dago eta horretarako unea heldu dela jakinarazi du Udalak. Zaharra kendu eta berria erabiltzeko moduan izan artean, pasabide alternatibo bat egokitzen hasia da Euskal Trenbide Sarea; funtzio bera izan bai baina beste kokagune bat izango duen behin-behineko zubi bat. "Hasiera batean, behin-behineko zubia pasabide zaharraren ondoan egiteko asmoa bazuen ere, metro batzuk mugitzea erabaki du: Txaramunto kaletik abiatuko den pasabidearekin lotuko ditu N634 errepidearen bi aldeak".

Euskal Trenbide Sareak Udalari jakinarazi dionez, "hamar hilabetez egongo da martxan behin-behineko zubia. Tarte horretan, zubi zaharra eraitsi eta berria eraikiko du. Proiektuaren arabera, zubi berriak N634 errepidea ez ezik trenbidea ere gaindituko du, eta, beraz, gaur egungo puntu beltza desagerraraziko da horri esker".

Aldaketa hauen guztien berri emateko hainbat seinale jartzekoak dira egunotan, "baita langile bat ere, batik bat, hasierako egunetan".