San Ixidro Eguna

Giro gozo eta alaia frontoia bete duten ospakizunetan

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 15a, 19:38

Hamaiketako goxo askoa dastatzetik ekin diete San Ixidro Egun honetako ospakizunei asteazken goizean frontoian.

Asteazkena, astetartea, baina igande itxura zuen gaurkoan Usurbilgo frontoiak. Izan ere, pilotalekua bete da San Ixidro egun hau ospatzeko. Goizeko 11:00etarako, orduak ezin egokiago seinalatzen duen moduan, usain ezin ederragoa zerion frontoiari. Alkartasuna kooperatibak antolaturiko jaialdiaren bueltan bildutakoak jan-edan aldetik bapo egiteko mokadua probatu dute. 

Eta jan soilik ez, unea trikiti eta pandero doinuez girotzen aritu dira Manex Torrealdai usurbildarrak eta Kattalin Zubizarretak. Bertsoz girotu dute baita baserritarren ospakizun egun hau Ane Labakak eta Beñat Gaztelumendik.

Goizean zehar, herrikide eta lagun askoren elkargunea izan da, urtero hutsik egiten ez duena. Bisitarien artean izan dira baita, Udarregi ikastolako gaztetxoak ere. Hurbiletik ikusi dute herri kirolen erakustaldia.

Giro ezegonkorra tarteko, plazan egin asmo zuten jaialdia aterpean, frontoian egitea hobetsi dute.