San Ixidro Eguna

Joxe Ramon Sarasola eta Euxebio Txapartegi omendu dituzte

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 15a, 19:50

Bi herrikideak eskertu eta omendu nahi izan dituzte, eguerdian frontoian ospaturiko San Ixidro egun honetako ekimenetan.

Une hunkigarrirako tarterik izan da Alkartasuna Kooperatibak antolaturiko San Ixidro Egun honetan. Izan ere, aurkezpen gutxi behar duten bi herrikide omendu nahi izan dituzte: Joxe Ramon Sarasola eta Euxebio Txapartegi. 

Egun ezin aproposagoan helarazi nahi izan dizkiete eskerrak, jaso dituzten oroigarriek adierazi moduan, "nekazaritza eta herri kirolak bultzatzeagatik". Bi alor hauetan sustatzaile sutsuak izan dira, garai bateko Bordatxoko eta Kale Nagusiko Txapartegi harategiko buruak. Euxebio omenaldi ekitaldian bertan izan da, Joxe Ramonek ez du bertan egoterik izan. Oroigarri eta eskertza helaraziko dio gaur bere izenean plazan izan den bere alaba Izarok. 

Oroigarriak banatzen izan dira San Ixidro egun honetako antolatzaileak. Jose Ignacio Saizar "Lusarbe"-ren eskutik jaso ditu Euxebiok omenaldiko oroigarriok eta Alkartasuna Kooperatibako ordezkari Antonio Eizagirreren eskutik Izarok.

Ane Labakak eta Beñat Gaztelumendik musikatu dute albiste honi atxikitako bideoan dituzuen bertsoekin, asteazken eguerdi honetako ekitaldia.