San Ixidro Eguna

Herri kiroletako erakustaldi bikaina eskaini du belaunaldi gazteak

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 15a, 19:15

Aizkolari eta harri-jasotzaileen erakustaldi ederraz gozatu ahal izan dute San Ixidro egun honetako eguerdi parteko frontoiko ospakizunetan murgildu direnek.

San Ixidro eguneko ospakizunetan ezinbesteko osagaia; herri kirolena. Erakustaldi ederra egin dute asteazken eguerdi honetan Alkartasuna kooperatibak frontoian antolaturiko jaialdian. Gazte belaunaldia indartsu datorrela argi utzi dute. Garazi Ansa eta Gorka Etxeberria aritu dira harria jasotzen. Aizkorarekin egurra ebakitzen, Kimetz Oñederra eta Unai Etxeberria. 

Lehia bizi askoa eskaini diete pilotalekuan bildutako ikus-entzuleei. Lehenbizi, kirol jarduera bakoitzeko kirolariak haien artean lehiatu dira eta gero bi jarduerak aldi berean uztartu dituzte binakako txapelketa azkarrean. Amaitzeko, publikoari eskainitako harri-jasotzaileen agur ikusgarria. Tartean, Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi aritu dira koplatan. Une batzuetan hain zuzen, herri kirolek eta bertsolaritzak bat egin dute. Lehia gurutzatua bizi izan da frontoian. Honatx emaitzak eta irudi bilduma:


Herri kiroletako emaitzak
Harri-jasotzaileak:
Gorka Etxeberria:
-160 kiloko harri errektangularra, 5 aldiz jaso du bi minututan.
-136 kiloko harri baldarra bost aldiz baita 1:45ean.

Garazi Ansa:
-62,5 kiloko zilindro zaharra 18 aldiz jaso du bi minututan.
-50 kiloko harri kubikoa 10 aldiz jaso du 1:53an.

Konbinatuak
Aizkolariak:
Kana-erdikoa:
Unai Etxeberria: 1:52.
Kimetz Oñederra: 2:21.

Harri-jasotzaileak:
-Garazi Ansa: 50 kiloko zilindro zaharra bost aldiz jaso du.
-Gorka Etxeberria:  100 kiloko bola eta kana erdiko bat lau aldiz jaso du.

Amaierako denbora:
Gorka Etxeberria-Kietz Oñederra: 14:39.
Garazi Ansa-Unai Etxeberria: 12:58.

Agurra:
100 kiloko bola altxa du Gorka Etxeberriak, 50 kilokoa Garazi Ansak.