Tarteka egin ohi duen moduan, jatorri guztietako usurbildarren bilgune den Aniztasun Kontseilua ostegun honetan, maiatzaren 16an bilduko da berriz arratsaldeko 17:30etan, oraingo honetan, ordea, espazio berri batean; zabalik den Kalezarko Pelaioenean. Izan ere, udaberriko oporraldiaz geroztik, bertan kokatua dago udaleko Aniztasun Saila. “Han eskaintzen da, besteak beste, herrira etorri berriak direnentzako harrera zerbitzua”, Usurbilgo Udaletik aditzera eman dutenez. Egun, eskuartean dituzten gaiak eta azken hilabeteotakoak hartu asmo dituzte ahotan hitzordu horretan: “HarEman proiektua, harrera zerbitzuaren balorazioa, argitaratutako eskuorriak zein euskara ikasteko errefortzu saioez arituko dira. Era berean, Aztikerreko kideak ere bertan izango dira, jatorri aniztasunaren herriko argazki eguneratuaren berri emateko”.
Hitzordura joateko deia egin dute Aniztasun Kontseilutik. “Taldekide finkoak badituen arren, izaera irekia du Aniztasun Kontseiluak, eta, horregatik, jatorri aniztasunaren inguruan interesa izan dezaketen herritar guztiak gonbidatu dituzte saioan parte hartzera”.
Elkargunea
Aste honi dagokionean, iragarria dagoen bigarren bilkura. Usurbilgo Elkargunea eraikitzen segitzeko Elhuyarrek dinamizatuta, otsailaz geroztik abian den parte hartze prozesuko hurrengo bilera, larunbat honetarako dago aurreikusia, maiatzaren 18rako, 10:00-13:30 artean Udarregi ikastolako jangelan.
Saioen egutegia: maiatzak 18 eta ekainak 15.
Saioen ordutegia: 10:00-13:30.
Saioen lekua: Udarregi ikastolako jangela.
Zehaztasunak: Udarregi ikastola pareko zelaian kokatuko den Usurbilgo Elkarguneari lotutako parte hartze prozesua.
Jorratuko dituzten gaiak:
-Elkargunea ezaugarrituko duten balioak.
-Kudeaketa eredua.
-Barne-antolaketa.
-Nolako espazioa nahi den.
-Zer beharrei erantzun.
-Nola egituratu.
-Partaidetza prozesua amaitu eta eraikina izan bitarteko denbora horretarako dinamika eta egitekoak zehaztea.
-Elkargunearen izena.
-Beste esperientzia batzuen ezagutza.
Dinamizatzailea: Elhuyar.
Sustatzaileak: Usurbilgo Elkarguneko sustatzaileak.