Euskaraldia

4. Euskaraldirako urtebete

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 16a, 11:27

"Urtebete falta da Euskaraldiaren 4. edizioa hasteko!", gogorarazi dute sustatzaileek. Izan ere, data aldaketarekin itzuliko da euskara ahotan hartzea sustatuko duen dinamikaren hurrengo edizioa; 2025. urteko maiatzaren 15ean.

Korrika urtea igarota, Euskaraldiarena abiatu da orain. Urtebete barru milaka ahobizi, belarriprest eta arigune ariko dira parte hartzen geure hizkuntza ahotan hartzea bultzatuko duen ariketa kolektibo handienean. Antolakuntza jada atzerako kontaketan dela oroitarazi du. "Urtebete falta da Euskaraldiaren 4. edizioa hasteko!". 

Horregatik, iragarri dutenez, dagoeneko "hasiak gara prestatzen bazter guztiak bustiko dituen olatua izan dadin! Ilusio handiz ari gara lanean: herriz herri, auzoz auzo... mugimenduan gauden ehunka lagun". Indarrak metatzeko deia egin dute. "Batu ditzagun indarrak, elkarrekin, euskarari, han eta hemen, merezi duen lekua emateko! Erabili dezagun euskara lagunartean, familian, lanean... gure hizkuntza erabiltzeko aukerak biderkatu ditzagun. Denok batera, elkarri lagunduz".

4. Euskaraldia noiztik noiz arte izango den zehaztua dute. "2025eko maiatzaren 15etik 25era milaka belarriprest eta ahobizi bilduko gara Euskal Herriko kaleetan, entitateetan; gure herrietan euskara gehiago entzun eta hitz egin dadin". Horregatik, adi egoteko deia egin dute, "igo zu ere Euskaraldiaren olatura!".

Eragina handitu eta sakontzeko
Iragan urte amaieran iragarri zuten Euskaraldiaren sustatzaileek bi urtean behin egiten den ariketa hau ez zela itzuliko orain arte egokituko zen garaian, hau da, 2024. urte amaieran, 2025eko maiatzean baizik. "Izan ere, urte sasoi horretan kaleetan jende gehiago ibili ohi da eta bizitasun sozial handiagoa izaten da kalean. Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak eta aldarteak laguntzen du horretan”. Ariketa hau ikusgarri egin eta ahalbideratzen duen txapa ere are ikusgarriagoa egingo da urte garai horretan. Horrez gain, ez da Korrika urtearekin egokituko eta bi ekimenak "urtez urte txandakatzen" joango dira. 

Data aldaketarekin, beraz, “uste dugu, 11 egun izateak ariketa modu eraginkorragoan egitea ahalbideratuko duela, sakonago egiteko aukera emango du. Bi asteburu hartuko ditu, eta horrek herrietan mugimendua sortzeko aukera emango du”. Ekimen honek utzitako arrastoaz eginiko ikerketako datu eta jarraibideetan oinarritu dute erabaki hau, baina baita eragileek eta norbanakoek eginiko ekarpenetan ere.